Monthly Archives: urria 2019

Asteburuko aisialdia. Txapligu
Txapliguko haur eta hezitzaileek azarorako programaketa ederra prestatu digute!

Bergarako ludoteka
Arimen gauerako prestaketekin dihardute bergarako ludoteketan, atzo kalabazak ustu eta apaintzen igaro zuten arratsaldea.
Oxirondoko gaztetxoek gaur eta bihar gau beltza ospatzeko aukera izango dute. Osintxu eta Angiozarrekoek berriz, bihar ospatuko dute.
Zuek, dena prest?

Txapligu
Pasa den asteburuan Txapligu aisialdi taldeko gaztetxoek primeran pasa zuten. Zapatuan Faraoi ezkutuaren bila ibili ziren eta domekan berriz, neoi festa izan zuten astea modu dibertigarrian amaitzeko.

Arimen gaua bergarako ludoteketan
Angiozar eta Osintxuko ludoteketako haur eta hezitzaileek urriaren 31n Arimen gaua ospatuko dute eta Oxirondoko ludotekan urriaren 30 eta 31n. Domu Santu bezperako gau hau garai batean Euskal Herrian Arimen Gaua edo Gau Beltza izenarekin ospatzen zen. Beraz, aste guztian zehar gure ludoteka zerbitzuetan garai batekoa berreskuratzeko asmoz, kalabazak hustu, makillaje taillerra eta mozorroak sortuko ditugu Arimen Gau egunerako guztia prest izateko.
Egun horretako arratsaldean, ludoteketako haur eta hezitzaileek ekintza polita prestatuko dute.

Errigorako otarrak
Aurten ere bueltan dira Errigorako otarrak. Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararentzako eta euskaraz.
Bi kanpaina nagusi egiten ditu urtero: udaberrian Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura (oliba-olio birjina eta kontserba sortak) eta udazkenean Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka.
Udazkeneko kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko produktuz osatutako saskien salmentaren bitartez bertako euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua (saski bakoitzaren balioaren %25ª) egitea da helburu nagusia.
Aurtengo udazkeneko kanpainan 3 saski mota daude aukeran:
Saski beltza (betikoa) 50€: orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba-olio birjina, potxak, mahats-sukua, zainzuri krema, teilak, melokotoia almibarrean, kardua, tomate frijitua eta piper txorizero mamia.
Saski berdea (ekologikoa) 60€: orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, oliba-olio birjina, potxak, mahats-sukua, arroza, pasta, barazki-menestra eta ozpina.
Saski zuria (berezia) 70€: orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa (kriantza), patxarana, extra brut, polboroiak, patxaran mantekatuak, txokolatezko arrokak eta pikillo piper marmelada.
Saskiak eskuratzeko bi modu daude: online www.errigora.eus web orrian edo Jardunen.
Eskaerak egiteko urriaren 30etik azaroaren 20ra bitartean.

Hitzen ahairea
Urriaren 24an, “Hitzen ahairea” ikastaroko lehen saioa izan zen. Oso gustura egon ginen Gotzon eta Rafaren kontu/kantak entzuten eta oraindik beste pare bat saio gelditzen zaizkigu, azaroaren 7koa eta 28koa. Gauzak horrela, inork hurrengo bi saioetara etortzeko interesa izango balu, izen ematea zabalik dago.
-Jardun Euskara Elkarteko bulegoan

Domeketan familian gozatzen
Ikasturte berriarekin, domeka hontan martxan jarriko dugu “Domeketan familian gozatzen egitasmoa”berriz ere. Oraingoan eguraldia lagun izanik, fruta brotxetak eta jaboi ponpak egingo ditugu.
Animatu eta gerturatu gozatzera familian!

Berriketan aldizkaria
Euskaraz bizitzen ikasi, saiatu, ausartu… nahi baduzu mintzalagunon munduan lekua dugu zuretzat. Animatu zaitez Berriketan egitasmoan izen ematera!
Hemen duzue Berriketan aldizkaria:

Madinabeitia#31
Oraingoan Damian Madinabeitiak erantzun dio Monikaren galderari, jarraian bere hitzak:
Ia ze hizkuntzatan jolasten daben gaztiak galdetu dostan, Monika.
Egixa esan, 2017 eta 2018ko hainbat ikerketen arabera Espaiñiako Estatuan (1, 2), 6-24 urte arteko jokalari kopurua, 35-66 urte arteko jokalari kopuruaren oso antzerakua don (ez dittun joko berdiñak izango, ziurrenik). Orduan, ez jakiñat galderia gaztiendako bideratutakua izan biharko litzaken. Dana dala, gaztiek bideo-jokotan orokorrian eta gehixenbat gaztelaniaz jolasten jone. Batez be, ingelesez eta gazteleraz. Hala ta be, mundu mailan (eta jokuan arabera) bideojokutan gehixen erabili ohi dien hizkuntzak mandarin txinatarra, gaztelera, portugesa, errusiera, japoniera, alemana, koreera, frantsesa, italiera eta poloniera dittun. Baiña normalian jokuak garatzian kontuan izan ohi diren hizkuntzak ingelesa, japoniera, koreera, frantsesa, alemana eta gaztelera dittun.
Honek zerikusi zuzena jaukan euskaldunok jolasetan darabilguzen hizkuntzekin. Erabiltzailliek eskuragarri dittuen hizkuntzen artian ez don euskeria egoten. Youtuben daren bideojokuen inguruko bideuen portzentaia minimo bat besteik ez jaon euskaraz eta horrek zailtasun haundixa jakarn euskaldunak izan eta bideo-jokoetan jardun nahi daben gaztiengana iristeko.
Bideo-jokoak ez dittun gure artian urte askuan egon, baiña ezta beste inun be. Leku askotan, modu naturalago batian nahastu edo onartu jittune bideo-jolasak kultura eta egunerokotasunian. Nere ustia don, euskal gizartian arrotz sentidu dittugula bideo-jolasak, eta hein haundi batian ez ginuzelako geure hizkuntzan aurkitzen.
Baiña ez neuken esango bideo-jokua moda bat danik. Bere garaian instinto imaginariuak asetzeko garatu zittunan beste arte alorrak bezela (ipuin-kontalaritza, musikia, liburuak, zinia, etab.), bideo-jokoek gure alde humanua elikatzen jone.
Beti eduki jone fama txarra, eta azken boladan bogan daguan kontua don komunikabide askotan. Hau izan jeikenan euskal kulturan sartzeko izan zeban -eta daukan- traba haundixenetako bat. Baiña beste edozein arte modu bezela, gauza onak edo txarrak egitteko erabili leiken. Hor jaon koskia, ze bideo-joku esperimentatzen dogun; eta batez be: zela.
Bigarren galderiari helduaz, badaguala euskal komunitatia esango dostanat. Eta komunitate horren zati eder bat “Game Erauntsia” izeneko elkarte batian alkartu gaittun. Game Erauntsian bideo-jokoen eta euskeriaren arteko uztarketan sinisten jonau. Euskeria bultzatzen jonau eta bideo-jokoen esparruan euskerazko tituluen aukeria zabaldu, elkarbanatu eta irisgarri egittia don gure helburua. Hortarako, danerako jentia bildu gaittun eta bakoitzak gauza ezberdiñak egitten jittunau: bajaren programatzailliak, itzultzailliak, jokalarixak, youtuberrak eta beste edozertan lagunduko leukenik be bajaon.
Bideojokuek hainbat onura badakartela jiñone, bestiak beste: hizkuntzak ikasteko, musikia edo instrumentuetan trebatzeko, irudimena lantzeko, historia ikasteko, kooperaziñua eta kolaboraziñua lantzeko eta baitta be ofiziuekin zerikusixa dauzken ezagutzak hartzeko (hegazkin simulatzailliak, negozio kudeaketa…). Hala ba, noizbait saiakera bat egittera animatzen haut: Game Erauntsian web orrixan (gamerauntsia.eus) sartu eta “Jokoak” atalian “Euskarazko bideo-jokoak” orrixan ikusgarri jaren euskeraz jolastu leizken joko batzuk. Azken finian: “Txapela buruan… BAINA ibili hadi munduan!”
Kataia jarraitzeko, Bittor Poza bertatik bertara ezagutzen ez doten arren, bajakiñat Egunean Behin izeneko aplikaziñuakin zelabaitt lanian jarduten dabela. Horri helduta, hurrengo kataibegixa Bittorri luzatzen jotzanat.
Bittor, hik nahi bezela erantzun; edo hire modura kontaik. Baina galdera sortatxo bat egingo dostat nundik hasi izan deizun: nundik nora sortu zuan Egunean Behin?, daguaneko milioi bat erabiltzaile batu diela entzun najuan. Egixa al dok? Bergaran erabiltzen al dok aplikaziñua?, zer eragin eduki leikek honek euskeriai dagokixonian?