Category Archives: kataian

Iruin#22 “euskararen egoera udal ikuspegitik”
Erronka zail baten aurrean ipini nauzu Ana!!!!! Udal ikuspegitik nola ikusten dudan herri honetako pasio maila? A ze galdera, ez dut uste nik hori erantzun dezakedanik, nire erantzuna guztiz subjektiboa izango bailitzake. Baina bai esan nezake Bergara herri euskalduna dela, datuek horrela erakusten baitute.
Udal ikuspegitik hitz egiteko eskatu didazu, eta egia esan ez dakit hori niri dagokidan, baina bai partekatu dezakedala nire azken urteetako esperientzia. Ni udalera sartu nintzenean guztiz arrotza egiten zitzaidan, ez eraikina noski, udala erakunde bezala baizik. Baina gaur iada ongi ezagutzen dudala esan nezake eta Bergarako udalak euskaraz lan egiteko konpromisoa du. Egunerokoan udalera gerturatzen den oro ohartuko da arlo administratiboan zein herritarrekin harremantzeko egunero erabiltzen den hizkuntza euskara dela. Eta urteetako lana aztertuz gero politika aurrerakoiak burutu direla ere esango nuke, baina oraindik egiteko asko dugu.
Herri bezala, herri euskalduna dela aurreratu dut lehen. Eta datuek hori erakusten dute. 2008az geroztik Bergara UEMAko kide da. UEMA etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da. UEMA osatzen dugun 82 udalerrietan (Bergara biztanleria kontutan izanda handienetako bat, Tolosa eta Zarautzekin batera) biztanleriaren %70ak baino gehiagok daki euskara. Ezagutzaren datua hor dugu, baina horrekin nahikoa da?
“ Gauza bat dago argi, nolanahi ere, mundu zabaleko aditu gehienen azalpenetan: Hizkuntzaren erabilerak definitzen du lehenik eta behin, ez ezagutzak edo iritzi- jarrerek, hiztun-elkarte elebidunen osasun egoera.” Mikel Zalbidek. Eta zer diote erabileran inguruko datuek?
Hemen datuak gazi gozoak dira, uztaileko albiste izan dugun soziolinguistika klusterrak egindako azken azterketako emaitzek diote Euskal Herriko kaleetan erabilera duela hamar urteko datuekin alderatuz puntu bat jeitsi dela. Bergaran 2015ean aurkeztutako datuek aldiz gorakada nabari bat islatzen zuten. Bergara herri euskalduna da, baina Bergara euskararentzat arnasgune bat da?
Hori gehitxo esatea dela iruditzen zait baina erabilerak gora egin izana, Bergarak arnasgune oso garrantzitsuak badituen adierazle da. Hizkuntza gutxitu batek irauteko ezinbesteko ditu arnasguneak; euskara nagusi den gune geografikoak dira —hiriak, herriak, barruko eremu zehatzak izan litezke.
Arnasguneak zaindu behar ditugu, bizi-indarra eman. Euskarak bizitasun handiagoa behar du, arnasguneen hedatze prozesua burutzeko.
Ana ez dakit erantzun dizudan. Baina zure zerrendan sartzeko hitz berri bat proposatzen dizut, arnasguneak.
Orain Jose Angel Mikeori, Angiozarko auzoalkatea, luzatu nahi diot galdera. Istorikoki euskararen gordeleku auzoak eta herri txikiak izan dira. Ni ez naiz ausartu Bergara asnargunea dela esatera eta Angiozar arnasgune bat da?

Abajo#21 “artea, sormena, sorkuntza eta euskara”
Ireneeee!! Kataian baino korapilo konplikatu batean sartu nauzula iruditzen zait. Bestalde, nitaz gogoratzea eta nire iritzi -a- jakin nahi izateak pozten nau… Baina esan beharra daukat zure galderari erantzun zuzenik ez dudala, gutxik baitakite nola harraparazi euskararen erabilpenean. Gaur balio izan duenak, bihar agian ez du balioko, eta norberari balio dionak, baliteke, beste lagun bati ez funtzionatzea. Ez dakigu ziur nola bideratu edo zer den motibazio edo akzio eraginkorrena, baina badira hainbat hitz errepikatzen direnak:
herria, kultura,
ohitura, kontsumo kritikoa, etorkinak,
etorkizuna, aniztasuna,
euskalduntzea, hausnarketa,
transmisioa, ama hizkuntza,
atxikimendua, jarrera,
borroka, kontzientzia,
sentimendua, hautaketa, aisialdia,
gozamena, maitasuna. . .
Eta orain Irenek botatako galderan beste kontzeptu batzuk plazaratzen dira: ARTEA- SORMENA- SORKUNTZA.
Egia al da arteak, sormenak, sorkuntzak euskararekiko maitasuna indar dezakeela? Eragiten du sormenak, beraz, hizkuntza joeran?
Galdera jasotzean eta hiru termino hauek azaltzean, niretzat, ez datoz bat.
Arteak bere hizkuntza du, hau da, komunikatzeko eta “kontzeptualizatzeko” era propioa. Komunikazioan ekoizpena dago alde batetik, eta hau irakurtzeko gaitasuna bestetik.
Sorkuntza berriz, prozesu baten ostean gertatzen den “miraria” da (norbanako fedearen arabera), zerbaiten emaitza dela esan dezakegu.
Sormena ordea, toki guztietan dagoen energia potentziala da. Denok dugu sortzeko ahalmena, gai-tasuna. Edozein ekintzari sormen kutsua eman diezaiokegu: janaria prestatzerakoan, janzterakoan, ibiltzerakoan, dantza egiterakoan, begiratzerakoan, idazterakoan, irakurtzerakoan … eta nola ez, hitz-egiterakoan.
Nire ustez, sormena eta euskara eskutik helduta joan daitezke. Carl Rogers-ek esaten zuen bezala, sormen prozesua ekintzak harremantzako beste era bat da (begiratzeko, egiteko, irakurtzeko, sentitzeko … bide desberdina); alde batetik, norbanako batasunetik jaioa, eta bestalde, materia, gertaera, pertsona eta bizitzaren testuinguruagatik:
norbanako batasuna – euskalduna
materia – euskara
gertaera – hemen egotea
pertsona – gu
bizitzaren testuingurua – euskara maitatzea
Adimen sortzailea ez da inoiz gelditzen, jakin- gose, jakin- egarri eta jakin – beharrean bizi da etengabe; eta jakintasunak, pasioa sentitzera eramaten gaitu eta pasioz egiten dena betikotasunean biziko da: maite-su, maite-gar.
Bota behar ditudan galderak Leire Iruinentzat dira, nire lagun- ezagun berriari; lehenik, euskaldun sutsua, konprometitua, fidela, aktiboa eta printzipio finkoak dituelako eta ondoren, biok pasioa sentitzeko eta adierazteko era desberdinak ditugulako.
Udal ikuspuntutik nola ikusten duzue herri mailako euskararekiko pasio maila? Zein ekimen proposatzen dituzue ildo hortatik? Eta zuk, Leire bezala, zer ikusten duzu sugarra pizteko elementu interesgarritzat?

Santamaria#20 “haurren hizkuntza joera”
Zerk eragiten du haurrek egunerokotasunean hizkuntza joera bat edo beste izatea?
Zuk bota didazun galdera ere ez da makala, Ana Moñux, baina saiatuko naiz euskaldun eta euskaltzale izateaz gain, ama eta irakasle naizenez, ahalik eta erantzun zintzoena ematen.
Zein hizkuntzatan hitz egiten dugu familian? Zein hizkuntzatan jolasten dugu? Eta haserretu? Euskaraz amesten al dugu (lotan zein esna)? Gure gozamenak zein kolore linguistiko du? Gure haurren hizkuntza joerari buruz ari garenean galdera guzti hauek, eta beste hainbat, datozkit burura. Halere, zerk eragiten duen edo ez esaten hasi aurretik, haurren adinaren garrantzia aipatu nahiko nuke. 0-6 adin tarteko haurren ama naizen aldetik, garai honetan (eta zertxobait aurrerago arte, esango nuke), zuk aipatu duzun bezala, Ana, emozioen pisu eskerga nabarmendu nahiko nuke, harreman edo lotura emozionalek gidatzen baitute, gehienbat, haurren bizitza. Lotura emozional sendoena familia gunekoekin (guraso zein anai-arrebekin) dutela esango nuke, eta hauek izango dira, ezinbestean, haurraren hizkuntza joeran eragin handiena izango dutenak. Honez gain, lagun, ikastetxeko testuinguru eta aisialdiak ere badute zeresanik, noski, gozamenak eta hizkuntzak bikote garrantzitsua eratzen dutela uste baitut. Baina azpimarratu nahiko nuke, nire ustez, haurra eta eragilearen arteko lotura emozionala ahultzen doan heinean, azken honek haurren hizkuntza joeran duen eraginak ere norabide bera hartzen duela. Josep María Artigalek dioen bezala, “hizkuntza ikaskuntza prozesua denbora-espazioan oinarritzen da”, hau da, garrantzia handia du nork esaten duen, non eta noiz. Ez da berdina ama lotarakoan edota bizilagun bat atarian entzutea, alegia. Hortxe lotura afektiboaren garrantzia.
Adinak aurrera egiten duen heinean, eragileen balantza mugitzen hasten dela esango nuke, eta, aisialdiak, lagunek, internetek, telebistak eta guztiok dakizkigun zerrenda luze horretako elementuak garrantzia eta zeresan handia hartzen hasten dira. Gurasoon erronka zaildu egiten da orduan. 10-12 urteko ikasleen irakaslea naiz (ama bezala ez dut oraindik hau esperimentatu), etxeko hizkuntza nagusitzat gaztelera dutenena edo ez, eta adin hauetan, gazte hauen hizkuntza joera beste eratako aldaketa ebolutiboen zurrunbilo berean aurkitzen dela esatera ausartuko nintzateke, baita euskararekiko jarrera ere. Honen aurrean, beharrezkotzat jotzen dut euskara eskolako derrigortasun eta betebeharretatik haratago indartzea, aisialdi eta gozamenean, hain zuzen ere. Nire esperientziaren arabera, adin hauetan gozamena (aisialdia, lagunak, hobby-ak, etab.) zein hizkuntzatan jaso, hizkuntza huraxe gailenduko da haur-gazte hauen etxetik kanpoko egoeretan.
Honen arira, gure errealitate linguistikoa anitza bezain zaila denez, ia familia bezain beste hizkuntza joera edota errealitate ditugula esan genezake, baina kontua zera da, nola lortu haur edo gazteek, duten etxeko hizkuntza dutela, euskara maitatzea? Euskararekin eta euskal munduarekin lotura afektibo egonkor bat sortzea? Hemen ere, gizarte erronka baten aurrean gaude, baina ausartuko nintzateke, berriz ere, aisialdi, gozamen, sorkuntza munduari aipamen berezi bat egitera. Derrigortasunetik urrunduz eta gozamena piztuz, alegia.
Bergarako Kartzela Zaharreko Haur eta Guraso Asanbladan familiok arteaz, sorkuntzaz zein ikuskizunez euskaraz gozatzeko aukera izaten dugu sarritan. Parte hartzera zein ikusle izatera animatzen zaituztet, ea euskal mundu artistikoak euskararekiko maitasuna sendotzen digun. Eta, gaiak honela eskaturik, sorkuntzarekin harreman zuzena duen bergarar bati luzatu nahi nioke hurrengo galdera, Ana Abajori. Ana, irakasle izateaz gain Arte Ederretako graduduna da eta artea du hizkuntzatzat. Egia al da, Ana, arteak, sormenak, sorkuntzak euskararekiko maitasuna indar dezakeela? Eragiten du sormenak, beraz, hizkuntza joeran?

Moñux#19 “euskal kulturgintzaz”
Bufa! Ez didazu galdera erreza bota Olibo… Hasi aurretik argitu behar dut ni ez naizela euskal kulturgintzak merezi duen kontsumitzaile sutsua. Eta zuk diozun bezala, aukera zabala egon badago, baina sarritan erantzuna ez da tamaina berekoa izaten.
Nire ustez badira bi aldagai kontsumoan oro har eragin handia dutenak: ohiturak eta emozioak. Ohiturek badute automatismotik zerbait, baita errepikapen eta inkontzientziatik ere. Gutako bakoitzak edozein alorretan dela ere mantentzen dituen ohiturez hausnartzen hasita, bere lur zatitxoa dardarka hasten zaiola sumatu dezake. Izan produktuekiko kontsumo ohiturak, harremanak eraikitzeko moduak, norbere gorputza zaintzekoak… bat baino gehiagok deskubritu dezake baduela urteetan zehar errepikatu duen ohitura hausnartu gaberen bat edo beste. Eta euskaraz sortutako arte lan zein ikuskizunen kontsumoan ere berdin gertatzen da sarritan, hausnarketa eta kontzientziazioak ahalbidetzen duela mundu pusketa horri begiratu eta hau lehenesteko ohitura bat sortzea; ohitura kontziente bat alegia.
Erditze honen jatorri, bidelagun eta ondorio izango dira emozioak. Sentitzen ez denak ez baitu arrastorik uzten. Eta hizkuntza joerak gorputzetik abiatutako hautuak ere badira. Esaterako haurrek, euskararekin dituzten maitasun egunik ahaztezinenak euskaraz libreki jolasten dutenekoak dira, etorkizunean euskara beraien bihotzean eta ahoan egotea eragingo dutenak, plazerra eta hizkuntza elkar lotzen dituzten istant guztiak.
Zeren kontzientziaz gain, bihotzak ere badu bere pisua. Hark bideratuko gaitu euskaraz sortutako lanak arakatzera; gure ahozkotasunetik sortutako imajinarioak bilatuz, gure errealitateari buruzko hausnarketa estetikoak edo egunerokoan darabilzkigun hitz musikatuak.
Orria amaitu aurretik galderari estuago heltzen saiatuko naiz. Nik uste dut euskaraz sortutakoa kontsumitzearen hautuak aurretiko hausnarketa bat islatzen duela, inguruarekiko irizpide kritiko bat barne hartuz eta beraz, kontsumitzera goazen lanaren kalitatea ere baloratuz. Hautatzeak mass mediei erresistitzea suposatzen baitu sarritan, eskura duzuna baino ezkutatuta dagoena bilatzera jotzea, behin pentsatu baino bi aldiz pentsatzea (Euskal herriko txoko batzuetan beste batzuetan baino gehiago). Egun ez da kalitaterik falta euskal ekoizpenetan eta euskararen bueltako akelarre txiki ugari sortzeko parada eskaintzen digute.
Beraz, arrazoia eta emozioak, biak behar ditugu euskaraz sortzen jarraituko duten haiez gozatzen jarraitu nahi badugu. Eta Olibok aipatutako homogeneizazioaren garaiotan, hautatzen ikastea izango da gure satisfazioa.
Eta tarte batez haurrei buruz aritu garenez, irakasle, ama eta haur eta guraso asanbladako kide izanik, zuk zer iritzi duzu Irene? Zerk eragiten du haurrek egunerokotasunean hizkuntza joera bat edo beste izatea?

Olivares#18″euskal kultur kontsumoa”
Jaione Carpinterok botatako galderari erantzunez eta Kataiari jarraipena emanez, hemen duzue Jon Olivaresen iritzi artikulua:
Pasa didaten galdera ez da makala! Zer egin beharko litzateke euskal kulturaren kontsumoa indartzeko? Hau ez da matematika, hemen ez dago formula magikorik… Bestela honezkero egingo zuten zerbait euskarazko ekoizpenen kontsumoa indartzeko. Ala? Zuek zer uste duzue?
Jaionek esandakoari jarraiki, argi dago, euskaldunon kontsumo ohiturak aldatu behar direla. Baina ze preziotan?
Egia da, eta bermatuta dagoela esatera ausartuko nintzateke, euskarazko produktuetan kalitatea egon badagoela. Aniztasuna ere topatu daiteke. Baina honetarako bilatu beharra dago, interesa piztu beharra dago.
Orokorrean, euskarazko oso ekoizpen onak daude, kalitate handikoak, euskara maite duten artista ugari. Baina nola saltzen da hori? Nork ematen edo mozten dizkio hegoak hegan egin dezaten Euskal Herrian barrena?
Amua jarri behar zaio ikusleari kontsumitu dezaten. Amu erakargarri bat. Aukerak eman behar zaizkio, ia-ia eskura, kontsumitzaileari eta aukerak bozgorailuetatik sortzen duten artista txiki handiei. Modu erakargarri eta erraz batean erakutsi, erraztasunak eman.
“Kanpainak” etabar erabakitzen dutenak betikoak dira, interesa da mugitzen diotena. Kapitalismoaren garai honetan multinazionalek agintzen dute. Guztiok berdina eta modu orokor batean kontsumitzeko jartzen dituzte beraien indarrak, eta gu, euskara, euskaldunok, belardi homogeneo batean loratu nahian dagoen lorea gara. Baina “abonua”, erregatzeko aukera dutenak, ureztagailua esku artean dutenak, ahalegin guztia egiten al dute guztiz loratu gaitezen? Belardiak usten al dio bertara iristen? Inguruko belarrak kentzen al digu ur guztia?
Goazen bada, gu geu loratzera, txiki ikusten den lore eder hori inguruko belarretatik irteteko indarra ematera.
Ez dakit hasiera batean planteatutako galderari erantzunik eman diodan, edota zuei erantzuteko zerbaitetan lagundu dizuedan… Izan ere, hamaika arrazoi izan daitezke, hamaika irtenbide egon daitezke edota proposatu daitezke, hamaika ideia, hamaika plan, estrategia… Baina euskara kontsumitzeko norberaren hautua izan behar da? Edo kalitateak eragindako ondorioa izan behar da? Ana, zu artista xamarra izanda eta kultur kontsumitzaile sutsua izanda, zer uste duzu?

Carpintero#17 “euskara telebista publikoan”
Kataiari jarraituz hemen duzue Jaione Carpinteroren iritzi artikulu interesgarria. Hausnarketarako hainbat puntu jartzen ditu mahai gainean.
Nereak botatako galderarekin niri tokatu zait oraingoan kataiari segida ematea. Zelan ikusten dudan nik euskararen egoera telebista publikoan? Galdera potentea, Nerea…
Askok pentsatzen dugu, ni barne, gaur egun daukagun telebista publikoaren euskarazko eskaintza ahula dela. Betiko saioak ditugu, aspergarriak batzuk, “superfizialak” beste batzuk, eta gustuko saio bat aurkitzen dugunean azkar kentzen digute. Hala ere, esan beharra daukat, tartean behin saio on eta interesgarriak ere izaten ditugula.
Askotan entzun diet nire inguruko lagunei eskaintza honetaz kexatzen, niri galdetzen nola litekeen posible. Goazen hausnartzera bada.
Ni bertako ekoiztetxe ezberdinetan egon naiz lanean, gehienetan euskarazko saioak egiten, eta ziurtatzen dizuet, askotan, lan egiteko ditugun baliabideak oso eskasak direla. Normalean lana presaka egiten dugu, denbora gutxi dugulako saioa prestatu eta emisiora joateko. Zergatik? erreza, aurrekontu gutxi dagoelako. ETB1ek ETB3k baino aurrekontu altuxeagoa dauka, biak euskarazko edukiekin. ETB2k, dudarik gabe, aurreko biek baino diru gehiago dauka.
Eta galdetzen egongo zarete ea zergatik den hau posible. Ba oso erreza berriz ere, jendeak ez duelako kontsumitzen. Alegia, asko kexatzen gara baina ez dugu kontsumitzen. Kontsumitzen ez badugu, ez dago dirurik. Dirurik ez badago, aurrekontuak estutzen dira eta baliabideak eskasak bilakatzen dira. Ondorioz, eskaintza ahula da eta berriz ikusleak kexatzen hasiko dira. Kexatu eta Tele5 piztu. Bai bai, horrela da. Datu txiki bat emango dizuet. Aipatutako kate pribatu espainiar honek eskaintzen dituen “entretenimenduzko” saioen audientzia datu altuenak Euskal Autonomia Erkidegoan daude. Horra hor beste hausnarketa bat egiteko ideia.
Penagarria da guzti hau, izan ere zurrunbilo honetatik kaltetuen ateratzen dena euskara bera da. Bultzada bat eman beharko litzaioke euskarari, euskarazko edukiei, aukera eta ideia berriak sortuz. Ikusleak garen unetik euskaraz kontsumitzen jarraitu nahi dugulako, hori bai, eduki duinak. Eta horretarako aldatu beharko litzatekeena ez da soilik aipatu berri dudan ikusleen kontsumitzeko ohitura hori, ez. ETBko nagusien ikuspegia ere guztiz aldatu beharko litzateke. Beraiek dira saio bat aurrera eraman edo atzera botatzea erabakitzen dutenak. Beraiek dira gure inguruko txikienak txikitatik euskarazko edukiak kontsumitzeko ohitura ezartzeko aukera eman edo kentzen dietenak.
Eta berriz esaten dut, oso garrantzitsua da euskarazko edukiak kontsumitzea. Ez soilik telebista publikoak eskaintzen dizkigunak, ez, guztiak. Gure hizkuntzan egiten den kulturaz busti behar gara. Jon “Olivo” zu antzerki munduan ibiltzen zarela, zer egin beharko litzateke euskal kulturaren kontsumoa indartzeko?

San Miguel#16 “euskara osasun arloan”
Urte berriak Nerea San Miguel bergarar mediku gaztearen hausnarketa ekarri digu. Jarraian duzue bere artikulua.
Irratitxik osasun mundura salto haundixa emanaz, orainguan neri tokau jat kataiakin jarraitzeko ardura. Benetan kezkatzen dostan eta askotan hausnartu izan doten galdera potolua bota doste txibierroek: Nola bizi dozu euskaldun bezela mediku lanetan aritzia? Mediku gazte eta hasiberri naizenetan, nere ikuspegitxik galdera honi buelta batzuk ematen saiatuko naiz ba!
Baina, nolakua da gaur egun euskararen egoeria osasun arloan? Esan biharra daukat, egoera gazi-gozoa dala. Hau hobeto ulertzeko, nere esperientzia kontatuko dotsuet.
Nere kasuan, 18 urte nintxuala, Euskal Herriko Unibertsitate publikoan medikuntza euskeraz ikastia erabaki neban, hortarako inungo arazorik izango ez nebala pentsauaz. Nahiko hasieratik, bihartuta, ikasgai batzuk gazteleraz jaso bihar izan nintxun eta urtiak aurrera juan ahala, gero eta gehixau tokau jaten erderaz ikastia.
Egoera honi ikasle askok aurka itxia erabaki giñuanian, kalian askotan entzun izan dogun esaldixa entzun biharra izan giñuan behin eta berriz: “Baina, zuk ze nahixau dozu, mediku euskaldun bat ala mediku on bat?” Batak bestiakin zerikusixa eukiko bazeban bezela…
Behin karrera bukatuta eta momentu askotan nere eskubidiak zapalduta izan diala ohartu eta gero, osasun arlo publikuan lanian hastian, hautu argi bat in neban hasieratik: kalidadezko osasun zerbitzu euskaldun bat ematen saiatzia; hau da, mediku ON eta EUSKALDUNA izateko lan eittia.
Izan ere, kalian, etxian edo lanian euskeraz bizitzia erabakitzen dogun bezela, medikuarenera juatian, berarekin hartu-emana gure ama hizkuntzan eittia benetan garrantzitsua dala uste dot. Guztion esku dago herritar ororen oinarrizko eskubide hau bermatzia. Beraz, danok jarraitxu biharko dogu honen alde borrokan! Eguneroko pauso txikixak emanez aldaketa haundixak lortu geinke ta!
Kataiakin jarraitzeko, Jaione Carpinterori botako jat orainguan nere galderia: zela ikusten dozu euskararen egoeria telebista publikuan?

Osa/Narbaiza #15 “Euskalgintza eta feminismoa”
Landerrek botatako galdera potolua onartu giñuan ·”zein harreman egon beharko litzake euskararen aldeko mugimendua eta feminismoaren artian?”, azkenian, ein dogu gure katai propiua! Saiatuko ga ba, uhinetatik hurrengo lerrotan erantzuten:
Lehenengo eta behin, azaldu nahi giñuke nola ulertzen dittugun, bi mugimenduok: Feminismu(ek), gizarte berdinzale eta justuago baten aldeko proposamen, teoria eta praktiken multzua da, askotariko korrontiak barnebiltzen dittuana; hainbaten pribilegiuak zalantzan jarriz, etengabe birpentsatzen zein berreraikitzen dagona. Euskararen aldeko mugimendua, hizkuntzaren berreskurapen eta normalizaziñorako gizarte mugimendua, euskalgintzan diharduten talde, elkarte, erakunde sozialetan osatzen eta gorpuzten dana.
Guk, pertsonalki, bi prozesu ezberdin bizi izan dogu bakoitzakin. Eskola garaixan batez be, euskalgintza eta euskerian inguruko erreferentzia ugari jaso izan dittugu, baitta hainbat taldetan parte hartu be. Garai honetan, ezer gutxi entzun giñuan feminismuen inguruan. Urtiak aurrera, tripak aldrebestu eta feminismotik edaten eta ikasten juan ga, baitta irratixan be. Txapa Irratixan bertan, guk biok (beste lagun batzukin batera), ‘Txibierroak Uluka’ irratsaiua eitten dogu, betaurreko moreak jantzitta eta euskeraz. Mikrofono artian, euskaldun eta emakume moduan libre!
Landerren galderiai helduz, azkenengoz Arrasaten Idurre Eskisabel eta Lorea Agirren hitzaldi baten entzun giñuan Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?. Guk Idurre eta Lorean esaldixai buelta emanez: izan al zaitezke matxista euskaltzalea izanda? Bai. Izan be, hainbat izen/hitz generuan arabera banatzen ez dittugun arren, euskara eta euskal hiztunon mundua ez da neutrua, eta patriarkatuak zeharkatzen dau, bestiak bezela. Hau hola, Feminismoak zer ekarri al dau hizkuntzian planora? Eta alderantziz? Zein harreman sortu leizke bi mugimendu honen artian gaur egun?
Bi borroka honek, bakoitzak bere esparruan, justizia, eskubidiak, sareak… bezalako gaixak lantzen badittue be, lotura gutxi euki dabe. Ez da egon oin arte harreman eta lotura haundirik euskalgintza eta feminismuen artian. Badago baina, zertaz gogoetatu eta ikasi:
Euskera elkartien jardunerako eredu izan leizke mugimendu feminista eta LGBT mugimendua (lesbiana, gay, bisexual eta transexualen mugimendua). Adibidez, mugimendu feministari esker ikasi dogu jabetzea edo ahalduntze kontzeptua eta baliagarrixa ein ahal jaku hizkuntzan eremuan. Gogoratzen 19. Korrika? Euskahaldundu!
Beste adibide bat jartzearren, bertsolaritza, historikoki gizonezkuena izan dan kultur eremua izan da. Agerikua da, gaur be espazio publikuan eta eszenan agertzeko emakumiok dittugun oztopuak. Oztopuei aurre eginez eta arnasgune berrixak sortuz, Zarautzen, bertso eskola feminista sortu zeben hainbat belaunaldixetako emakumiek. Euskerian aldeko mugimenduakin lotura zuzena daukan espazio hau begi berrixekin ikusiz.
Gauza askotan parian jartzia edo konparatzia zaila dan arren, paraleluak izan leizke emakume edo euskal hiztun bezala izan geinken bizipenak. Tankera berekuak izan leizke emakumiok eta euskal hiztunok jasotzen dittugun mezuak eta jarri izan jaun rolak; esan geinke, momentu askotan, euskeriai eta emakumioi, zaintza, etxia, sukaldia eta emoziñuekin lotutako gaixak egokitzen jakula. Baina, emakumiok plazandrak izan nahi dogun bezela, euskeria be plazan nahi dou! Horreaittik, eukikou bazterretatik elkarri laguntzeko eta lan eitteko bidia! Eta batezbe, gehixautan elkar-trukatu bihako giñuzen bakoitzan betaurrekuak, hau da, mundua ikusteko moduak!
Bukatzeko, irratitik, ospitalera salto einaz, Nerea San Miguel medikuari luzatuko dotsagu kataian idazteko gonbita galdera honen bittartez: “Nola bizi dozu euskaldun bezela mediku lanetan aritzia?”

Juaristi #14 “gurasoen papera”
Lander Juaristiren eskutik hemen dugu ekaineko iritzi artiklua. Landerrek haurren hezkuntza eta hizkuntza kontuetan gurasoen jarrerak duen eraginaz eta garrantziaz egiten du hausnarketa, benetan interesgarria!
Nola ikusten dozu gurasoen jarrera, dana dalakua dala beraien jatorria, haurren hazkuntza eta hezkuntzarekiko? Hizkuntzarekiko noski!
Ostia! ez da batere gai sinplea! Kate honetan beste hainbati ere tokatuko zaizkio gai konplikatuak eta tira… Andonik eta Lucianak bota zidaten kataia eta nik heldu, nahiz eta galderaren erantzun garbirik ez eduki.
Hausnartu, galderei bueltak eman… Horixe egiten dugu Txapa irratiko gurasoak saioan, gurasotasunaren bueltan, gai ezberdinei heltzen saiatu eta galderak bota, erantzunak baino gehiago… erantzunak konplikatuak baitira!
Etxeko hizkuntzaren transmisioa!
Gurasook edo etxeko nagusienok ze jarrera daukagun etxeko txikienekiko, ze balore transmititzen ditugun; gure jarrerekin, gure harremantzeko moduekin, gure hitz egiteko moduekin! Zein hizkuntzetan hitz egiten diegun, zein telebista katai eskaini, zein jolas erakutsi, zein irakurgai ekartzen ditugu etxera, interneteko zein webgune erakutsi, zein irrati entzun etxean, eta ze jarrera transmititu hizkuntzarekiko! Modu kontzientean egiten dugu? Ze mezu transmititzen ditugu nahita eta zein nahi gabe?
Hari ezberdinetatik tira egiteko gaia daukat aurrean, ea motzean hirutatik tira egiteko gai naizen.
Lehenengo haria.
Andonik eta Lucianak beraien idatzian aipatzen duten moduan etxe bakoitzeko edo familia bakoitzeko testuinguruak asko baldintzatuko du gurasotasuna eta hizkuntzaren arteko harremana. Kataiko azken idatzian herriko etorkinen inguruan hitz egin zuten, Hari horretatik tira egiten saiatuko naiz; Zer gertatzen da euskaratik urrun dauden familiekin?
Transmisioa beti ulertu izan dugu gurasoek seme alabei egiten dien kontu bat bezala. Baina zergatik ez alderantzizko transmisio bati erreparatu, etorkinen edo euskararik ez dakiten bergararren, seme alaba horiek beraien gurasoei egingo diena? Eskola (tamalez, euskara familia askotan, eskolako hizkuntza moduan ulertzen dela uste dut) eta familiaren arteko zubiak eraikitzeak, jarrerak eta hizkuntza bizitzeko moduetan eragin dezake. Haurrak berak eraman dezake hizkuntza etxera eta gurasoen jarreretan eragin.
Gurasoek euskara jakin ez arren, bere seme-alabak hizkuntzarekiko duen jarreran eta harremanean ere eragin dezakete.
Etxean erabaki dezakegu zein marrazki bizidun ikusi, zein irrati entzun, ze aldizkari erosi, edo zein antzerki, kontzertu, pelikula ikustera joan. Guzti hauek euskaraz izan daitezke, edo ez.
Gai honen inguruan, Jardun elkarteak aurten Bergarara ekarri duen Paula Kasaresek dauka diskurtso landua. Transmisioa, batez ere euskara jakin ez dakiten gurasoen kasuan, bestelakoa izan daiteke; haurrak berak eraman dezake hizkuntza etxera eta jendarteko bestelako eragileek zubiak eraiki euskaraz, eskolaz gaindiko jardueretan, aisialdian, kirolean komunikabideetan… Hizkuntzaren transmisioaz baino hizkuntzaren sozializazioaz mintzo da Kasares
Bigarren haria
Guraso garenok ez al dugu gure seme alaben hezkuntza delegatu neurri handi batean? Eta ez nabil edukiez, matematikaz edo aljebraz hitz egiten. Bestelako hezkuntzaz ari naiz. Gure seme-alabekin igarotzen dugun denbora gutxitu egin da, bizitzaren abiadura handitu eta bitarte honetan harremanak aldatu dira. Autoritarismotik kolegismorako dagoen lerroan gure seme alabei transmititzen diegun baloreez jabetzen al gara? Eta honek suposatzen duenaz kontziente al gara?
Hezkuntza alternatiboez haratago badira Euskal Herrian ere hezkuntza sistemari alternatiba eskaini dieten proiektuak. Bizi toki iparraldean sortu den egitasmoak pentsatzeko gako asko eskaini ditzake.
Guraso moduan gure bizi ereduarekin, gure kontsumo ereduarekin, gure aisialdi ereduarekin ari gara transmititzen. Hizkuntza, izaera, nortasuna, herria… baina nolakoak?
Hirugarren haria
Eta euskaraz jaio garen guraso euskaldun peto petook, inolakoa esfortzurik gabe etxean modu naturalean euskaraz bizi garen gurasook, nola bizi ditugu hizkuntzak gure etxean? Gureak eta herrian entzun ditzakegun beste guztiez ari naiz. Euskara eta gaztelera guztion edo gehienon hizkuntzak dira. Gure izaeraren parte dira eta onartu beharko ditugu.Bi hauen arteko harremanen orekan frustrazioak bizitzea tokatuko zaigu askotan gainera. Amelia Barquin unibertsitateko irakasleak oso modu argian irudikatu zuen frustrazio hori bere kinka blog gomendagarrian.
Nola bizi ditugu besteak? urdua, wolofera edo txinatarra! Guztiak entzun ditzakegu Bergaran. Nola bizi dute hau gure seme alabek? Hitz egiten al dugu beraiekin kultura eta identitate guzti hauek horren gertu izateak suposatzen duen aukeraz?
Ez beldurretik baizik eta errespetutik eta onarpenetik. Gu euskaldunak gara, euskararen herrian bizi garenok halaxe gara! eta halaxe izan nahi dugu! Ados! Baina beste hizkuntza batzuekin harremanetan gaude.
Badakit Hizkuntzen ekologia kontzeptua konplexua izan daitekeela etxean haur txikiekin hitz egiteko, baina zergatik ez hasi honetaz ere hitz egiten? Zorionez bidaiatu gabe beste kultura batzuk ezagutzeko aukera eskaini digu horrenbeste kritikatu dugun globalizazioak. Azalduko al diegu zer den Auzoko egitasmoa? Noiz egingo dugu familien arteko auzoko bat? To, harria botata!
Eta nori luzatu kataia?? Irratiko lagun batetik etorri denez niregana, irratiko saio batera botako dut nik ere kataia. Txibierroek uluka astintzen dituzte gai ezberdinak, umorez eta begirada feminista batetik. Zein harreman egon beharko litzake euskararen aldeko mugimendua eta feminismoaren artean?

Larrañaga/Alfaro #13 “etorkinak”
Damianek botatako erronka onartu giñuan, azkenean, idazteko denbora luzeegia hartu eta Jarduneko lagunak urduritzea lortu badogu be.
Bergarako etorkinen inguruan galdetu gaittuzu. Hauen etorkizuna, gaur egungo egoera eta oinartekoak aipatu dittuzularik. Erronka zaila eta ekuazio konplexua.
Pertsona garen einean, norbanako bakoitza, gure baitan, mundu oso bat garela kontsideratu geinke, eta etorkinak ere, pertsona diren/garen einean, ez litzake zilegi errealitate bakar bat bezala ulertzea. Eta euskararekiko daukagun erlazioa ezta ere.
Ez da berdina emakume edo gizakume izatea. Ez da berdina 12 urterekin edo 64 urterekin etortzea. Ez da berdina ikastera edo lanera etortzea. Ez da berdina epe zehatz baterako edo epe mugagabe baterako etortzea. Ez da berdina borondatez edo behartua etortzea (arrazoi desberdinengatik, baina behartuta azken finean). Ez da berdina goi-ikasketak izatea edo ez. Ez da berdina erakunde publikoetako dirulaguntzak jasotzea edo etxe batean, 24 orduz, zaintza lanak egiten jardutea. Ez da berdina Bergaran “exotikotzat” hartzea, denon irri eta agurra jasoz, edo “inmigrantetzat” hartua izatea, ia ia ikustezin bihurtu arte.
Beraz, jatorriko eta hemengo egoera sozio-ekonomikoak bergarako herritar diren etorkinen errealitatean eragin haundia daukala esango geunke, eta nola ez, euskerarekiko daukaten erlazioan eta euskalduntze prozesuan.
Eta ezin da alde batera laga, jatorriko izaera linguistikoa.
Jatorriko herrialdearen hizkuntza zein dan kontutan hartzekoa da ekuazio zail honetan. Ez baita berdina urdu, wolof, frantsez, kitxua edo beste bat bada jatorriko hizkuntza, edo gaztelera hizkuntza ikasita etortzea.
Hemengo errealitateak be anitzak die, eta honen artian elebiduntasunarena dago. Egoera honek etorkinen aurrean hartzen dogun jarreran eragina daukalarik.
Zenbat aldiz egin dotzagu gazteleraz euskeraz ez dakien pertsona bati? Baldin eta gazteleraz badaki noski. Edo zenbatetan bukatu dogu euskeraz ikasten ari dan interlokutorearen esaldi bat, bere esaldi eraketa prozesua gure pazientzia baino luzeagoa izan danian?
Errudunak bilatzea ez da helburua. Ardurak berriz, oso banatuta darela da gure uste apala. Ikasi bihar dogunonak, euskeraz dakigunonak, instituzio publikoenak. Gizartearenak azken finean. Baina ez daigun ahaztu guztiok osatzen dogula gizarte hau, baita datozen urteetako gizartea, eta danon lana dala etorkizunerako nahi dogun gizarte eta herri eredua osatzia.
Aurrekarixak ez die onak. Etorkin asko izan dittugu Euskal Herrixan urteetan zihar, baina ez daukagu argi hauen aurrian izan dogun jarreria zuzenena izan dan. Egoera politikoa, inposaketak edo dana dalakua medio, gaur egungo errealitatea dan modukoa da eta erronkari heldu in bihar jako etorkizuna eraikitzeko.
Eremu mugatua daukan hizkuntza bateko herri txiki bat ga, eta mundua globalizatua da. Migrazioak jarraituko dau, hara ta hona. Mugak eroriko dira. Bitartean, hobe dogu datorrena bezo-zabalik hartzea, euskalduntze prozesu zabal, sendo eta erakargarri baten bidez indartuko bait dogu bizikidetza eta eraikiko dogu etorkizuneko gizarte euskalduna.
Eta etorkizunari helduz, Txapa Irratian Gurasoak izeneko irratsaioko komunikatzaile, lanbidez hezitzaile eta guraso ere baden Lander Juaristiri bidalikotzau hurrengo katebegixa idazteko gonbitea. Nola ikusten dozu gurasoen jarrera, dana dalakua dala beraien jatorria, haurren hazkuntza eta hezkuntzarekiko? Hizkuntzarekiko noski!