Azkenaldian askok dugu ahotan Bergara Herri Hezitzailea. Gaurkoan, lantaldeko kide den, Maddi Larreak Marenen kataiari jarraipena emango dio. Hemen bere hitzak:
Marenek zaintza sarearen egitasmoa pandemia garaian sortu zela kontatu digu aurreko artikuluan. Gaurkoan ni pandemia garaian sortu zen beste egitasmo bat aurkeztera nator: Bergara Herri Hezitzailea.
Herri guztiak hezitzaileak direla sinisten dugu, baina hausnartu behar da zein baloretan hezi nahi dugun. Hausnarketa horretan hainbat norbanako batu eta “Bergara Herri Hezitzailea” sortu dugu.
Talde honek bat egin du Oinherri elkarteak eta herri hezitzaileen sareak aurkeztu zituen balioekin: Haurtzaroaren kultura onartzea, benetako parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena sustatzea, aisia hezitzailea izatea, euskalduntasuna bultzatzea, aniztasuna eta parekidekidetasuna bermatzea, ingurumen naturala eta kulturala zaintzea, eta komunitate sarea eta auzolana balioan jartzea.
Haurrengandik pentsatutako herri batean amesten dugu, horrelako herri bat guztiontzako aproposa den herria delako. Bidea luzea da, baina nonbaitetik hasi behar da bide hori eraikitzen. Guzti hori errealitatera ekartzeko hainbat ekimen martxan ditugu jada. Hala nola, parte hartze ireki baten auzolanean sortuko den Zabalotegiko eskola zaharreko kanpo espazioaren eraldaketa prozesua. Praktika hau teoriarekin aberasteko hitzaldi desberdinak antolatu ditugu. Horrez gain, herrian pertsonak erdigunean jartzeko urratsak emateko mugikortasunaz hausnartzen ere ari gara…
Aurrerantzean ere hainbat hausnarketa eta ekimen desberdinak egiteko asmoa dugu. Hori guztia aurrera eramateko, oso aberasgarria iruditzen zaigu norbanako edota talde anitzen parte hartzea, puntuala zein jarraia. Esaterako, modu jarraituan parte hartzen ari den lehen taldea Jardun Euskara Elkartea dugu, Herri Hezitzaileen baloreekin bat egiten baitu, besteak beste aisialdi hezitzailearekin eta euskararekin.
Modu batean edo bestean, guztiok daukagu gure herriaren eraldaketa prozesu honetan parte hartzeko aukera. Garaira egokitu eta Bergara Herri Hezitzaileak sare sozialetan ere badu bere espazioa. Beraz, prozesuaren parte izan nahi duen orok sareetan aurkituko gaitu. Atera irekita dago, sartu beldurrik gabe!
Maddik idatzitako testuan, behin baino gehiagotan azaltzen zaigu “eraldatu” hitza. Iñaki, Eraldatze prozesu horretan, natuak bere garrantzia izango duela pentsatzen dut.
Herriak zer garrantzia dauka naturaren eraldaketan?