Monthly Archives: otsaila 2014

txorimaloa 2 txikia

Txorimalo Lehiaketa

Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere  txorimalo lehiaketa antolatu dugu.Lehiaketan parte hartzeko oinarriak jarraian ikusi ditzazkezue. Txorimalo guztiak erramu zapatuan Ibargarai kalean egongo dira ikusgai.  Txorimalo onenak eta txorimaloari jarritako euskararen aldeko lema onena sarituko dira.  Animatu eta parte hartu!

Oinarriak:

1)    Nahi duen edonork parte hartu dezake, bakarka nahiz taldeka (gehienez 8 partaide talde bakoitzeko).

2)    Izena ematerakoan egilearen izena edo taldean egina bada taldearen izena  adieraziko da.

3)    Edozein material erabili daiteke baina txorimalo bakoitzak oinarri edo ardatz bat eraman beharko du, lurrean tinko eta zutik egon dadin.

4)    Txorimaloak euskararen aldeko esaldi bat eraman beharko du eta hau, apirilaren 4a baino lehen, Jarduneko bulegoan aurkeztu beharko da.

5)    Lehiaketa 2 taldetan banatuko da:

(a)12 urtetik beherakoak (LH-koak)

(b)12 urtetik aurrera

6)    Lehiaketa 2014ko apirilaren 12an egingo da. Aurkeztutako txorimaloak Ibargarai kalean egongo dira ikusgai, 11:30etatik aurrera. Sari banaketa 13:00etan egingo da.

 7)    Honako sari hauek banatuko  dira taldeen arabera:

(a)Lehenengo 3 talde sarituetako partaide bakoitzari, Bergarako jaietan barraketan ibiltzeko fitxak.

(b)Irabazleentzat 90 euro

Bigarrenentzat 60 euro

                                        Hirugarrenentzat 30 euro

                          * Esaldi onenaren sari berezia: 30 euro

 8)    Izena ematea JARDUNen (Errotalde jauregia, kultur etxea) Bergara. Telefonoa: 943763661 edo 605712469.

9)    Izen emateko azken eguna apirilaren 4a izango da. Oinarriak onartzea beharrezkoa da lehiaketan parte hartzeko. Zalantzaren bat izanez gero, deitu Jardunera.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Alberdi #3 “Hiketian gainian”

Gu gaztiak ginanian normal-normal eitten ginuan hiketan gure artian, zihero natural. Hori Osintxun zan. Bergako kalian, berriz, eskolara-ta juten giñanian ez ginuan hitanoik entzuten, ezta euskeria bera bez, garbi esateko.

Neretako, monjetatik elementalera ikastera jutia eguneroko hizkuntzia aldatzia izan zan: erderatik euskerara. Eskolak berdin-berdin zien erderaz, baina gure artian euskeraz eitten ginuan gehixen bat; batzuetan erdaraz ein arren. Bertan alkartzen giñan Angiozar, Ubera, Antzuela eta Elgetako jendiakin eta hiketan jarduten giñuan.

Ze demontre pasau da orduko gure hiketa jator harekin? Lekutan geratu da. Nik segitzen dot nere inguruko jendiakin lehengo antzera eitten, baina gustauko lejatan gaur egungo gaztien artian geuk geunkan freskotasuna erak pe eukitzia. Askotan pregunta izan jat neure buruai euskeraz alfabetatzen hasi ginanian ze dala ta ez zoskuen hitanua be erakutsi. Existiduko ezpalitz moduan. Ta gauza jakina da ikusten eztana eztala ezautzen. Eztau ezetarako balio.

Konforme, baina oin, hori jakinda, ze ein bihako ginuke… zegaittik eztotsau bueltia emoten honi, eta pentsau serixo ze ein bihako ginukien, atzera hitanua gaztiak pe eren eguneroko lagunartian erabiltzeko.

Beste ezen aurretik, uste dot euskerian aldeko kontzientzia daukagunok, eta hitanua bera be euskerian parte derrigorrezkua dala sentitzen dogunok, geureandik hasitta ta oingotxetik hasitta, ekin ein bihako dotsaula.

Buruari bueltak emoten jardun dot puxka baten, ta ezin esan oso orijinala naizenik, baina hauxe etorri jat: Berriketan ekimenak funtzionau baldin badau, zegaittik ez iguala ein hitanua zabaltzeko gaztien artian be?

Jardunek luzatu daben Katai honi segidia emoteko, hurrengo katemailiai nahiko notzake preguntau: Elene, hire moduko gazte batek ‑euskeria hainbeste maitte dabena; hiketan eskribitzen be badakin da!‑ zela ikusten jon kontu hau: hik hitanua falta donala sentitzen don? Ero euskeraz eittiari emoten dotsan lehentasuna, ta hitanuai etxan hainbeste inportantzia emoten, biharbada hain erabilgarrixa eztala pentsauta?

Nere edadekuak akaso etxonau asmau zubi-lana eitten eta gaztiaguei hiketia transmititzen?

Bueno ba, hik beste baten bati preguntia ein aurretik, hire erantzunen zain geratzen non, Kataian… kataian, danon ustiak eta galderak alkarri trukatzen juango gaittun euskerian etorkizunan bidia topatzen.

KARTELA JARDUN web

Bugaboos / Squamish eskalatze filmaren proiekzioa

Jardun Euskara Elkarteak BUGABOOS & SQUAMISH Kanadako hormatzarretan burututako eskaladari buruzko filma antolatu du ikusle guztiei zuzendua. Iñaki Arenaza, filmeko protagonista Bergararra bertan egongo da eta galderak egiteko aukera egongo da.

Eguna: Otsailak 26, asteazkena

Ordua: 19:00etan

Lekua: Bergarako Irizar Jauregian

Filmaren iraupena: 35 minutu

Zatoz gozatzera!

gitarra ikastaroa txikia

Heldu eta umeentzat gitarra ikastaroa

Jardun euskara elkarteak haur zein helduentzat 3 hilabeteko gitarra ikastaroa antolatu du. Ikastaroa 2014ko martxoan hasi eta maiatzaren bukaeran amaituko da. 

 

 

Eguna: larunbata

 

Ordua: 11:00etatik 13:00era

 

Lekua: Zabalotegi

 

 

Taldea osatzeko gutxienez 5 pertsona behar dira eta taldeak 5-10 pertsonetakoak izango dira. Izena emandakoen artean, adinaren eta mailaren arabera taldeak egingo dira.

 

Izen ematea Jardun euskara elkartean (Kultur etxea), jardunkultura@topagunea.com  e-postan zein 943763661 zenbakian eman daiteke.      

 

Ikastaroaren prezioa 12€ / hilean da. Jarduneko bazkide izanez gero 10€ / hilean.

Animatu!

IMG_5872_content

Amodiozko gutunen lehiaketa- balorazioak eta gutun saridunak

Amodiozko Gutunen

XXII. Lehiaketa

 

(JARDUN EUSKARA ELKARTEA.  Bergara, 2014)

 

·       Partaidetza:  65 gutun. (2469) gutun 22  ediziotan)

 

·       Epaimahai nagusia:

 

Yon Suinaga idazlea, Manex Agirre bertsolaria, Miren Narbaiza musikari eta kantaria eta Iratxe Esnaola iazko irabazlea.

 

·       Epaimahaiaren iritzi orokorra:

 

Aurkeztu diren lanen artean umore eta erotismo gutxi egon da. Ezinezko eta izkutuko maitasuna izan da gehien errepikatu den gaia. Sufrimendu batetik idatzitako gutunak. Teknologi berriek ere izan dute euren lekua (facebook…). Azken lerrora arte nori idazten ari diren ez jakitearen teknika ere asko landu da.

 

·       Irabazleak:

 

 

  1. SARIA (500 euro)  

 

AMAIA ARTOLA ETXEBERRIA (Tolosa)    29 urte

 

Epaimahaiaren iritzia:

 

Garapen ona eta ondo idatzitako gutun borbila, perfektua. Oso intimoa eta amodioaren ikuspegi partikularra lantzen duena.

 

 

1.     SARIA – GUTUNA

 

2009ko irailaren 21ean

Laztantxo maite,

Eskutitz hau irakurtzen ari bazara, sentitzen dut. Nahiago nuke irakurri beharrik izango ez bazenu; ezta nik idatzi beharrik ere. Pentsatzen dut zertatik ariko zaren pasatzen. Horregatik idatzi nuen eskutitz hau neurologoanean izan ginen egun hartantxe etxera iristean.

Gustatuko litzaidake zuk ahalik eta gutxien irakurri behar izatea baina, benetan behar duzunean eskura izan ezazu. Nahi nuke une zail eta gogorretan eskutitz hau irakurtzea, izan dadila arnasaldi bat, indar ufada edo olatu bat. Eta bete zaitzala, guztiz agortu aurretik, karga ditzala zure pila eta indarrak. Ondotxo dakizu zuk zer pasa dugun lehendik ere etxe honetan amonarekin, badakizu nola bizi izan naizen urte askoan eta ez nuke nahi inondik inora ere zuk berdina pasatzerik. Ez, zuk ez laztantxo.

Gogoratzen, zenbat ordu pasatzen genituen sukaldeko epelean, amonari kontu egiten, eskolako lanetan, zartagin eta lapikoekin jolasten, kantuan… Gogoratzen, txikia zinenean nola erakutsi zizun amonak puntu egiten? Oraindik hor nonbait gordeta egongo dira zure txikitako orratz eta hariak. Zure izena brodatu zenion aurreko mantala ere, armairuren batean egongo da seguruenik. Akordatzen, zenbat ipuin, kondaira eta istorio kontatzen zizkizuten aitonak eta amonak? Eta nola ikasi zenuen leihotik begiratzen? Zeruak zer esaten zizun, haizearen txistua entzuten, txorien kantua, zuhaitzak nola jantzi eta eranzten ziren, animaliek zer berri zekarten… Gogoratzen, etxeko hiru erreginen erreinuan inor gutxiri uzten geniola sartzen esku hutsik bazetorren? Eta aitonak eta zuk piratetara jolasten zenutenean, bera bastoia eta zu ezpatarekin? Haiek garaiak haiek! Zuk behintzat ttiki, ez ahaztu. Ez ahaztu zer bizi izan dugun, zer izan garen eta geratu oroitzapen goxo eta politenekin. Besteak… ez du merezi burua besteekin alferrik betetzeak.

Barkamena ere eskatu nahi nizuke ttiki, badaezpada. Barkatu buruhauste asko eman badizut, edo lan gehiegi ematen ari banaiz. Barkatu gauetan lorik egiten uzten ez badizut, edo nire gainean egotera behartuta sentitzen bazara. Barkatu etengabe galduta eta noraezean banabil, edo gehiegitan errepikatzen banaiz. Barkatu zutaz fidatzen ez banaiz, gauzak non gorde ditudan, edo zertarako diren gogoratzen ez badut. Barkatu zure izena oroitzen ez badut, edo egunen batean zu ezagutu ez eta nor zaren galdetzera iristen banaiz. Barkatu laztantxo. Baina badakizu ez naizela ni, ez naiz ni iraindu, oihukatu edo jotzen zaituena. Ez naiz ni buruhauste edo lanak ematen dizkizuna. Ez naiz ni lorik egiten uzten ez dizuna, galtzen dena, errepikatzen dena, gauzen bila dena hankaz gora jartzen duena, zure izena ahaztu duena edo ezagutzen ez zaituena. Ez naiz ni; ez da hori zure ama, gaixotasuna da. Bere menpe hartuta nauka eta nahieran narabil txotxongilo baten moduan. 

Ez itzazu aintzat hartu tristetzen zaituzten egoerak, mesedez. Oraindik elkarrekin gaude, oraindik zure ama naiz eta zu nire alabatxoa. Horregatik eskatu nahi dizut, gaixotasunak guztiz hartuta ez naukan momentuetan, benetako ama alabak izaten jarrai dezagun. Oraindik banagoelako, oraindik banaizelako eta izaten jarraitu nahi dudalako.

         Laztantxo, izugarri maite zaitut, ez inoiz ahaztu.

         Bihotzez, zure ama

 

 

  1. SARIA (250 euro)

 

DIEGO LEON MANTAS (Barakaldo)   51 urte

 

 

Epaimahaiaren iritzia:

 

Hunkigarria, sentimenduz betetako gutuna. Betiko maitasunen topikoa errepikatu arren, lehenengo pertsonan idatzitako gutun orijinal eta sinesgarria. Adineko pertsona baten barruan oso ondo pertsonifikatutako gutuna.

 

2.SARIA – GUTUNA

 

Ixabel maitea:

Dagoeneko 20 egun dira ospitaleko gela bakarti honen barruan sartuta nagoela, ohean etzanda, nire osasun txarreko hainbat gaitzek jota (betiko eta oraingo gaitzak), gupidarik gabe heldu eta bizi guztirako umilduko nautenak. Gaizkiagotze larri baten ostean, nire existentzia goibela akabatzekotan egon zen bihotzeko batek gogorki jo ninduen eta, auzoko Juliak anbulantziari abisua emanda, honaino ekarri ninduten presaka. Andre onbera honekin, laguntza gehien behar izan dudan momentuetan, lagundurik sentitu naiz beti, eta eskertu egiten diot.

Baina orain dela 8 urtetik hona, nire bihotzaren mina oso bestelakoa zen. Bihotza gaizki nuen nire ondotik bat-batean alde egin zenuen egun hotz hartatik, egunsentiko iluntasunean gure logelako ohean erabat geldirik sumatu zintudan une beretik, ezpainak eta begiak ubel, aurpegia eta eskuak zurbil, masaila ukitzean zure hatsaren beroa eta zure bularrean barruko dardararen soinua sentitu ezinik egon nintzenetik.

Orduantxe gaixotu egin zen nire bihotza, eta arima erabat hustu zitzaidan, mundu honetan bizitzeko edo sentitzeko dagoen guztiak mereziko ez balu bezala, zu hemen eta nirekin sentitu eta gozatzeko egongo ez bazara. Ez baitzenidan esan abiatzen lehena izango zinela, ni baino gazteagoa izan arren. Ez baitzenidan jakinarazi nolakoa izango zen niretzako bizitza zu maitatu ahal izan gabe. Eta ez baitzenidan ohartarazi zein gogorra izango zen goizero ohetik jaikitzea aurreko gauetik zurekin egindako planik gabe, egun berria berezi egiteko ideiarik gabe, egunak eta gauak, eta asteak eta hilabeteak, zure ondoan igarotzeko eta nerabeen antzera bizipoza berriztatzeko aukerarik eduki gabe.

Izan ere, ordutik aurrerako neguetan ez ginen joango Mediterraneo aldeko hondartza bakartietara, eta ez ginen gauerdira arte dantzatuko erdi okupatutako hoteletako aretoetan, non gaztaroan ikusi ohi genituen zuri beltzeko filmetako erromantze luze baten protagonistak bezala sentitzen baikinen. Aurrerantzean ez ginen erosketara edo paseora besotik helduta aterako eta, asteburuetan, ez ginen joango bisitan urbanizazioko gure iloben etxera. Eta ez genuen bazkalduko ere, astean behin, hain gustuko genuen Pedroren ostatuan, bai, babarrunen platera bi aldiz betetzen zidaten huraxe.

Baina, denborarekin, zu gabe egotearen pena astunaren zama eramaten ikasi nuen, eta baita hura ahazteko trikimailu batzuk erabiltzen ere, zeinei esker pilula gehiegirik hartu gabe lo egin dezakedan, eguna ordu apaletan eta ordu ez hain txarretan erdibituz, ibilaldi luzeak bakarka eginez etxera erabat nekaturik itzultzeko, neure buruari gezur inozoak esanez goizeko gosaria hartzean, eguerdian gogorik gabe bazkaltzean, edo gaueko afari arinaren hutsean.

Laurogeita lau urterekin ezin dut bizitzarengandik besterik espero zurekin bizi izan dudana baino, Ixabel, ume gorriak ginenetik zahartu arte elkar maitatu genuelako, etengabe. Une on zein latzetan adiskide eta lagun izan ginen. Liskarrean aritzen ginen noizbehinka, bai, baina garaiz esandako “barkatu” bat, ustekabeko irribarre bat edo bat-bateko musu bat nahikoa ziren gauzak berehala bere onera itzultzeko eta bakeak egiteko.

Egoera honetan, ospitaleko gela argitsu honen bakardadean, aginte elektronikoa duen ohean etzanda, aparailu askoren argi txiki distiratsuez eta soinu luze zorrotzez inguraturik, oxigenoaren putz monotonoa eta sueroa eta medikazioa nire zainetaraino tantaka erortzearen marmara entzuten ditudalarik, zer gehiago itxaron dezaket dena lehen bai-lehen bukatu dadin baino, azkenik zurekin bat egitera behingoz joateko?

Eta honexegatik, Ixabel, idazten dizut azken gutun hau, nire amodioaren aitormena, ni zuregana abiatu aurretik iritsiko zaizunaren esperantzarekin. Zain egon nazazun, ez naiz eta atzeratuko. Zure galako jantzirik ederrenak eta gure ezkontza-egunetik gordetzen zenituen zapata zuriak jantzi ditzazun, ilea harribitxizko diademarekin (liluratzen ninduena) lotu dezazun, eta azala lore-esentziarekin (horditzen ninduena) lurrindu dezazun.

Eta horrela apainduta, ederra kanpotik eta maitasunez betea barrutik, beti gogoratu izan zaitudan moduan, eskua begirunez helduko dizut eta dantzara aterako zaitut. Paradisua Hoteleko areto nagusian, Zeruko Orkestrak jotzen duen “Loreen baltsa”k lagundurik, besarkatuko nauzu, musu emango dizut, eta gure erromantzea, orduan bai, beti-betirako izango da. Gaztaroan ikusi ohi genituen zuri beltzeko filmetakoak baino askoz ere hobeagoa, handiagoa.

Beti zurea

Nikanor

BETI-BETIRAKO

 

BERGARAR ONENA   (150 euro)  

 

 UXUE AGIRRE MADARIAGA (Bergara)  20 urte

                                     

Epaimahaiaren iritzia:

 

 

Amodio estuegia ona ez denaren erabakia adierazten duen gutun ausarta. Barruko sentimenduak adierazteko hizkuntz aberatsa erabiltzen duen gutuna.

 

 

BERGARAR ONENA – GUTUNA

 

Adio, maitte

Ohea huts, airea hotz eta eskutitz deslai hau sarrerako mahaian. Eta ni despedida hitzekin gutun bat hasten. Paradoxa ote? Heure buruari galdezka ariko haiz, ulertu nahian. Labur eta sinple azalduko dinat. Ahalegina behintzat.

Maite haut, Ainhoa. Hezurretaraino, erraietaraino, arimaraino. Beste inor baino gehiago maite haut, neure burua bera baino gehiago maite haut. Baina, hortxe zagon koxka. Ez naun neure buruaren jabe, hireganako maitasun mugagabe honek dominatu egiten nain. Trapuzko txotxongilo bat besterik ez naun hire eskutan. Bazekinat ez dela hori hire asmoa, zoritxarrez, ordea, halaxe dun. Eta nik sokak moztu nahi dizkinat, neure oinetan ibili, neure ahotik hitz egin, neure ekintzen jabe izan. Eta horretarako gai naizenean hire eskua hartu. Eskua hartu, eman, heldu, utzi, askatu. Neure eskua.

Izan ere obsesio bihurtu haiz niretzat. Ez dinat beste ezer buruan. Hi haiz, Ainhoa, nire obsesioa, droga eta bizioa. Heroinomano batek heroinatik behar dinan moduan behar dinat nik hiretik. Ez naun lotsatzen, esan egingo dinat. Ainhomanoa naun. Lehenengo urratsa onartzea izaten omen dun. Hori behintzat egin dinat, orain bigarren pausua zetorren. Distantzia. Aldendu egin behar naun, higandik eta hire mundutik.

Hain nagon errotuta hiri, aberrian sustraiak bota dituena bezalaxe. Eta erbesteratu, desterratu egingo naun borondatez, nahi dinatelako, baina batez ere behar dinatelako nire bihotzaren aberria, nire lekukotasuna, nongotasuna, nire gorputzaren mugetara bueltatzea. Eta hireetatik ateratzea, horregatik erbesteratuko naun atzera ere benetan dagokidan aberrira.

Bazekinat, ez dun ulertzen erraza, errudun sentituko haiz orain agian. Baina, sinetsi egin behar dun. Ez dun higatik. Ez dun hire gorputzeko ezer, ez dun hire azalagatik, ez hire begiengatik, ez hire sabelagatik, ezta biok ezagutzen dinagun txoko ezkutu horregatik ere. Ez dun hire ahoagatik, ez dun hire bizkar gozo, leun eta infinituagatik, ezta hire sabelagatik ere. Ez dun hire usaina, ez dun hire ilea, hire begirada, zerion argia eta bakea. Hire belarria, estaltzen dinan belusezko kapa, hire ahotsa, eta ezta lo hondarrek tatuatzen dizkinaten betazpiak ere. Ez dun hire sugandila mihi zorrotza, hire azalaren umeltasuna, hire musuen leherketa, eztanda. Ez dun hire gorputzeko ezer, ez txinparta bat, ez malko bat, ez xerlo bat, ez hasperen bat. Ez dun horietako ezer, eta dena dun.

Hire azala, hire beroa dun, Ainhoa, bizitzeko behar dinaten airea. Eta nik ez dinat beste inoren ahotik arnastu nahi, neure neuretik baino. Horregatik, maitea, behar dinat higandik askatzea. Hire aldamenean egotea, goizero esnatu eta hire soaren oihartzunari behatzea, gauetan hire arnasaren erritmoan kulunka lokartzea, nahi bat, desio bat izatea besterik gabe. Eta ez behar bat, derrigorra, ezinbestekoa.

Maitasun kontutan irabazle irteten omen dun bihotza, harremana porrotera kondenatuta egonda ere hari egiten zionagu jaramon. Zaurituta, mailatuta, minberatuta bihotza, baina irabazle. Halaxe egon dun nirea. Badun aldatzeko ordua. Badun nigan pentsatzeko garaia. Bihotza bero eta burua hotz izan ditinat orain arte; burua bero eta bihotza hotz izango ditinat hemendik aurrera, sendatu artean bederen. Eta orduan, agian, itzuliko naun hire mundura neure oinetan.

Hartzan muxu hau, Ainhoa, hau bai, hau hirea dun eta.

                                                                                                                           Ibai

 

EPAIMAHAI GAZTEA:

Epaimahai gaztearen iritzia (Bergarako ikasleak): 

Maddi Elortza, Karmele Uribesalgo, Maider San Torcuato eta Ane Eraña.

 

 

IRAKURLE GAZTEEK 26 URTETIK BEHERAKO ONENEI  EMANDAKO SARIAK   (150 €)  

 

·       Epaimahaiaren iritzi orokorra:

 

Orokorrean gutunak onak iruditu zaizkie, nahiz eta gutun batzuen artean maila ezberdintasuna egon. Irabazlea aukeratzeko orduan, erraz heldu dira adostasun batera.

 

 

AINHOA ORTEGA BRETOS (Algorta)    24  urte

                                    

Epaimahai gaztearen iritzia:

 

Erraz irakurtzen den amodiozko gutun hunkigarria. Oso gutun polita eta ondo idatzia.

 

GAZTE ONENA – GUTUNA

 

Gabon polit hori,

Abenduaren 14a da, larunbata, gaueko 12:30ak. Gaur ere jendez beteta daude kaleak, tabernak gainezka. Lagunak parrandan gelditu dira, laneko estresa ahazteko edo, batek daki. Baina nik ez daukat gogorik. Ez, gaurkoan ez. Ni etxera noa, poliki, astiro, heltzeko asmorik edukiko ez banu bezala. Zaila zait pausua mantentzea. Zuk ere horrela esaten zenidan, batzuetan kostatzen zaigula hankak lurretik altxatzea. Blokeatuta bezala gelditzen gara horrelakoetan, ez aurrera eta ez atzera. Beste barik, geldi.

Arnasa gogor hartu eta berriz ekin diot bideari. Beroki lodia daramat, txanoa eta eskularruak, zuk oparitutako horiek. Berotsuak dira, baina dardarka nago hala ere. Bai, hotzez dardarka.

Mugikorra atera, kaskoak jarri eta listako lehenengo kanta hasi naiz entzuten, ‘Anek idatzi dit zutaz’ izenburua. Oraindik ere ez dakit kasualitateak existitzen diren, baina nahita eginda dirudi. Gaur bertan hitz egin dit zuri buruz. Azken aldian gure arteko zubi bihurtu dela uste dut. Sinetsi ahal duzu? Zu eta nire arteko zubi. Ez al gara kapazak bata bestearekin hitz egiteko?

Aurrekoan nigatik galdetu zeniola esan zidan. Poztu ninduen, badakizu. Gaurkoan berriz, ez dakit. Bada, neska batekin ateratzen hasi zarela kontatu dit. Mila buelta emango zizkion buruari ezer esan aurretik. Beti bezain zuzen, beti bezain Ane. Momentu egokiaren bila ibili dela esan dit, baina ez dakit horrelakorik ote dagoen benetan.

Egia esan, ez nau harritu. Urtebete igaro da batera ez gaudenetik. 365 egun eduki ditut zu gabe ni naizela ulertzeko. Eta akaso, beste 365 gau zurekin ere ni nintzela ahazteko. Baina ez, gezurra badirudi ere, ez nau harritu, ezta larritu ere. Ez zait zulorik zabaldu tripatik eztarriraino. Ez zait arnasa gelditu, ez naiz ito. Eta ez, ez zait zauririk ireki, ondo itxita daude denak. Badakit, zantzurik utzi ez duela dirudi. Baina dardarka nago hala ere. Zentzugabekoa agian, nork daki.

Azkenean heldu naiz etxera, eta berehala etorri zait txakurra mimo eske. Badakizu zelakoa den, zuri ere berdina egiten zizun. Pijama jantzi eta ohera sartu naiz. Ez dut gaua gehiago luzatu nahi, zertarako? Buelta erdia eman eta orduan konturatu naiz. Badakit zergatik nagoen dardarka. Kantak ere horrela dio, “…nik oindik eskuak hotz ditut, Anek kontatuko dizu…”.

Bai, dardarka nago. Hotz naiz oraindik. Hotz daudelako izarak. Hotz dago ohea, zu bertatik atera zinen egunetik. Hotz daukat gorputza, eta batez ere, hotz bihotza, hotzegi agian.

Orain ere, kaskoak jarri eta listako bigarren kanta hasi naiz entzuten. Kasualitateak kasualitate, horrela dio abestiak, “Zu eta ni ginen infinitua. Eta orain oroitzapen bat zara, nire izaretan bizi dena”.   

Begiak itxi, eta galdera bati erantzunik topatu ezinik nabil oraindik. Bada, izan daiteke finitua infinitua?

 IMG_5888_content

 

 

anaje

Narbaiza #2 “Jardunek beste 25 beharko”

 

Juan Martin Elexpururen “zela ikusten dozu Jardunen papela, eta oro har euskeraren akulularixena, gaur egunian?” galderaren aurrean Anaje Narbaiezaren gogoeta. Kataian ataleko bigarren kolaborazioa.

 

[Argazkia Dani Blancok, Argia.com-etik]

Akulularixak jiñon/k Juan Martinek, eta esan biharra jaukanat/at, berak, beste inork baino gehixago erakutsi zoskula euskerian munduan akululari lanak egitten. Egixa esan, bera ondo akordatuta jeuan/jeonan: orduan heltzen ez bagontzanan/n erabileriai, kitto gure Euskeria!

Egunerokuan, Bergaran oso gutxi entzuten zonan/zuan, baina hori bai, zapatu goizian, eskerrak UNEDera euskeria ikastera zetozenei eta Uberako, Anguzarko, Elosuko, Osintxuko… jentia zetorrenari Bergara euskaldundu egiten zonan/zuan.

Egixa don/k , “Jardun” berbiaren inguruan erabakixa hartu zanian, hantxe nenguala, baina denon meritua izan zonan/zuan bat aukeratzia, izanbe gaur egunian euskeriak “Jardun”en esanahi bixen premiñia jaukan/k. Batetik, berbetako “jarduna”; Euskerian frabikia ipiniko bagiñuztanan/n, benetako produkziñua neurtuko leukieena eta bestetik, zenbait alorretan, notarixara goiatzenian, abioia hartzera goiatzenian ….  euskeraz naturaltasune bizi izateko “jarduteko” premiñia. Baina oinddio be kalian gabitzenian konturatu be ez gaittun/k egitten eta sarrittan erderaz jardute jonau/juau.

Gure aurretik be makina bat lan egindakuak izan zittunan/zittuan: Iosu Oregi, Juaristi, Pilar… erak eginddakuari esker eta zuek, Juan Martin, Gerardo, Xabier Pardo… eta beste hainbatek erakutsitakoari esker guk aurrerapidia izan jonau/juau. Oso politta izan don/k, Elayxan bertako langileok lana euskaraz eitteko, eiñddako ibilixa. Ugezabok, langileok, danok, lana erdaraz eittetik euskaraz eittera pasatu gaittun/k eta eztakizue ondo zenbat ikasi dogun alkarrengatik, oso aberasgarrixa izan don/k. Alkar entzuten eta ikasi beharra izan dabenen erritmoak errespetatzen ikasi jonau/juau.

Oinddio be bajaon/k zeregina inguruko lantegixetan lana euskaraz egitteko baina seguru najaon/k, beste batzuen eguneroko jardunak bultzatuta ekarriko dabela euskeria izatia gure lan-hizkuntza. Uste jonat/juat gure gizartian sekulako aukeria daukagula alkarri entenditzeko euskeria erabilitta. Eta hortxe ikusten jonat/juat JARDUN KIDEON akulularixen zeregina, zeregin aberasgarrixa eta benetan lagungarrixa etorkizunian gizarte batuago baten parte izateko!

Etxakinat/xat ziharo erantzun dotzaten Juan Martinek eskatutakoari baina lehen aittatu doten moduan, Bergaran auzoetako erabileriak sekulako mesedia egin izan jotsan/k Bergaran euskaria bizirik eustiari. Zeregin horretan Osintxuarrek hiketiari majo heldu jotsen/nen eta Eba Alberdi etorri jatan/k burura, beti fin ibili don/k euskeria erakusten eta bere eguneroko “jardunean” hitanoa erabilitta gure berbetia normaltzen.

“Kataian” ekimenari segida emoixon Eba, izanbe, hik hiketiari betik eutsi dotsan, hain hizketa bizixa izandon eze… zelan ikusten don hitanoa gure herrixan? Zer egingo beharko ginuken/k JARDUNen hitanoak daben freskotasuna  zabaltzeko eta gaztien artian erabiltzeko inbirixia sortzeko?