Monthly Archives: ekaina 2016

Juaristi #14 “gurasoen papera”
Lander Juaristiren eskutik hemen dugu ekaineko iritzi artiklua. Landerrek haurren hezkuntza eta hizkuntza kontuetan gurasoen jarrerak duen eraginaz eta garrantziaz egiten du hausnarketa, benetan interesgarria!
Nola ikusten dozu gurasoen jarrera, dana dalakua dala beraien jatorria, haurren hazkuntza eta hezkuntzarekiko? Hizkuntzarekiko noski!
Ostia! ez da batere gai sinplea! Kate honetan beste hainbati ere tokatuko zaizkio gai konplikatuak eta tira… Andonik eta Lucianak bota zidaten kataia eta nik heldu, nahiz eta galderaren erantzun garbirik ez eduki.
Hausnartu, galderei bueltak eman… Horixe egiten dugu Txapa irratiko gurasoak saioan, gurasotasunaren bueltan, gai ezberdinei heltzen saiatu eta galderak bota, erantzunak baino gehiago… erantzunak konplikatuak baitira!
Etxeko hizkuntzaren transmisioa!
Gurasook edo etxeko nagusienok ze jarrera daukagun etxeko txikienekiko, ze balore transmititzen ditugun; gure jarrerekin, gure harremantzeko moduekin, gure hitz egiteko moduekin! Zein hizkuntzetan hitz egiten diegun, zein telebista katai eskaini, zein jolas erakutsi, zein irakurgai ekartzen ditugu etxera, interneteko zein webgune erakutsi, zein irrati entzun etxean, eta ze jarrera transmititu hizkuntzarekiko! Modu kontzientean egiten dugu? Ze mezu transmititzen ditugu nahita eta zein nahi gabe?
Hari ezberdinetatik tira egiteko gaia daukat aurrean, ea motzean hirutatik tira egiteko gai naizen.
Lehenengo haria.
Andonik eta Lucianak beraien idatzian aipatzen duten moduan etxe bakoitzeko edo familia bakoitzeko testuinguruak asko baldintzatuko du gurasotasuna eta hizkuntzaren arteko harremana. Kataiko azken idatzian herriko etorkinen inguruan hitz egin zuten, Hari horretatik tira egiten saiatuko naiz; Zer gertatzen da euskaratik urrun dauden familiekin?
Transmisioa beti ulertu izan dugu gurasoek seme alabei egiten dien kontu bat bezala. Baina zergatik ez alderantzizko transmisio bati erreparatu, etorkinen edo euskararik ez dakiten bergararren, seme alaba horiek beraien gurasoei egingo diena? Eskola (tamalez, euskara familia askotan, eskolako hizkuntza moduan ulertzen dela uste dut) eta familiaren arteko zubiak eraikitzeak, jarrerak eta hizkuntza bizitzeko moduetan eragin dezake. Haurrak berak eraman dezake hizkuntza etxera eta gurasoen jarreretan eragin.
Gurasoek euskara jakin ez arren, bere seme-alabak hizkuntzarekiko duen jarreran eta harremanean ere eragin dezakete.
Etxean erabaki dezakegu zein marrazki bizidun ikusi, zein irrati entzun, ze aldizkari erosi, edo zein antzerki, kontzertu, pelikula ikustera joan. Guzti hauek euskaraz izan daitezke, edo ez.
Gai honen inguruan, Jardun elkarteak aurten Bergarara ekarri duen Paula Kasaresek dauka diskurtso landua. Transmisioa, batez ere euskara jakin ez dakiten gurasoen kasuan, bestelakoa izan daiteke; haurrak berak eraman dezake hizkuntza etxera eta jendarteko bestelako eragileek zubiak eraiki euskaraz, eskolaz gaindiko jardueretan, aisialdian, kirolean komunikabideetan… Hizkuntzaren transmisioaz baino hizkuntzaren sozializazioaz mintzo da Kasares
Bigarren haria
Guraso garenok ez al dugu gure seme alaben hezkuntza delegatu neurri handi batean? Eta ez nabil edukiez, matematikaz edo aljebraz hitz egiten. Bestelako hezkuntzaz ari naiz. Gure seme-alabekin igarotzen dugun denbora gutxitu egin da, bizitzaren abiadura handitu eta bitarte honetan harremanak aldatu dira. Autoritarismotik kolegismorako dagoen lerroan gure seme alabei transmititzen diegun baloreez jabetzen al gara? Eta honek suposatzen duenaz kontziente al gara?
Hezkuntza alternatiboez haratago badira Euskal Herrian ere hezkuntza sistemari alternatiba eskaini dieten proiektuak. Bizi toki iparraldean sortu den egitasmoak pentsatzeko gako asko eskaini ditzake.
Guraso moduan gure bizi ereduarekin, gure kontsumo ereduarekin, gure aisialdi ereduarekin ari gara transmititzen. Hizkuntza, izaera, nortasuna, herria… baina nolakoak?
Hirugarren haria
Eta euskaraz jaio garen guraso euskaldun peto petook, inolakoa esfortzurik gabe etxean modu naturalean euskaraz bizi garen gurasook, nola bizi ditugu hizkuntzak gure etxean? Gureak eta herrian entzun ditzakegun beste guztiez ari naiz. Euskara eta gaztelera guztion edo gehienon hizkuntzak dira. Gure izaeraren parte dira eta onartu beharko ditugu.Bi hauen arteko harremanen orekan frustrazioak bizitzea tokatuko zaigu askotan gainera. Amelia Barquin unibertsitateko irakasleak oso modu argian irudikatu zuen frustrazio hori bere kinka blog gomendagarrian.
Nola bizi ditugu besteak? urdua, wolofera edo txinatarra! Guztiak entzun ditzakegu Bergaran. Nola bizi dute hau gure seme alabek? Hitz egiten al dugu beraiekin kultura eta identitate guzti hauek horren gertu izateak suposatzen duen aukeraz?
Ez beldurretik baizik eta errespetutik eta onarpenetik. Gu euskaldunak gara, euskararen herrian bizi garenok halaxe gara! eta halaxe izan nahi dugu! Ados! Baina beste hizkuntza batzuekin harremanetan gaude.
Badakit Hizkuntzen ekologia kontzeptua konplexua izan daitekeela etxean haur txikiekin hitz egiteko, baina zergatik ez hasi honetaz ere hitz egiten? Zorionez bidaiatu gabe beste kultura batzuk ezagutzeko aukera eskaini digu horrenbeste kritikatu dugun globalizazioak. Azalduko al diegu zer den Auzoko egitasmoa? Noiz egingo dugu familien arteko auzoko bat? To, harria botata!
Eta nori luzatu kataia?? Irratiko lagun batetik etorri denez niregana, irratiko saio batera botako dut nik ere kataia. Txibierroek uluka astintzen dituzte gai ezberdinak, umorez eta begirada feminista batetik. Zein harreman egon beharko litzake euskararen aldeko mugimendua eta feminismoaren artean?

Badatoz udaleku irekiak!!!
Bihar, uztailaren 1ean, emango diegu hasiera aurtengo udaleku irekiei.
Ekintzaz beteriko hilabetea izango dute haurrek primeran pasatzeko!!!
2 eta 12 urte bitarteko 482 haurrek hartu dute parte Bergara, Angiozar eta Osintxuko udaleku irekietan.
Gogoratu, bihar goizeko 10:00etan, HHko haurrak San Martin ikastetxeko eraikin berrira (Martinez de Iralara) joan behar dute eta LHkoek Ipintza institutura.
Zaintzan ere izena eman dutenak, 8:30etatik aurrera joan ahalko dira San Martin ikastetxeko eraikin berriko gimnasiora.
Gozatu euskaraz!!!

Irailean Antxintxika irteera – eman izena!
Jardun euskara elkarteak, irailaren 1etik 4ra Antxintxika irteera antolatu du.
Irteera hau 6-12 urte bitarteko (LH 1-6) haurrei zuzenduta dago eta Getariako Askizu auzoan izango da.
Irteera honen helburua irailean eskolan hasi aurretik berriz ere euskaraz hitz egiteko ohitura eta erraztasuna hartzea dira. Horregatik, dei berezia egiten zaie irteeran parte hartzera udaran euskararekin harremanik ez edo harreman gutxi dutenei. Baina hauei laguntzeko beharrezkoa da baita ere irteeran euskaraz ondo moldatzen direnak eta euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak parte hartzea. Beraz, irteera joan nahi duen edonork du parte hartzeko aukera.
Irteeraren prezioa Jarduneko bazkideentzat edo 2015/16 ikasturtean euskara errefortzuetan ibili direnentzat 80€ da eta gainontzekoentzat 85€.
Irteerara joan nahi dutenek, uztailaren 15a izango dute izena emateko azken eguna.
Animatu, primeran pasatuko dugu!!!
XABALOTE GAZTELEKUAREN V. URTEAURRENA
Pasa dan larunbatean ospatu zen Xabalote gaztelekuaren V. urteaurrena.
Ekintza ugari izan genituen bertan, Xabi Solanorekin solasaldia, paella lehiaketa, bazkaria, kontzertuak, afaria…..Gaztetxo asko gerturatu ziren eta egun ederra pasa zuten.
Ilusioz jarraituko dugu lanean! goazen VI. urteaurrenaren bila!

XABALOTE GAZTELEKUAK EKAINAREN 18AN V. URTEAURREN JAIA OSPATUKO DU!
Ekainaren 18a larunabata goizeko 11:00etatik hasita Bergarako Xabalote gaztelekuak ateak irekiko ditu urteaurrena ospatzeko.
Paella lehiaketa, solasaldia Xabi Solanorekin, herriko talde ezberdinen kontzertuak, afaria…
Animatu eta gerturatu gaztelekura paella lehiaketan izena eman eta afarirako txartelak erostera!!!
2016KO UDALEKU IREKIAK PRESTATZEN!
Pasa dan larunbatean egin genuen aurtengo Bergarako udaleku irekietan lanean egongo garen guztiok batera formazio saioa.
Sekulako kuadrilla elkartu ginen udaleku irekiak antolatzeko gogoz. Ilusioz beteta hasiko gara aurten ere udalekuak!!!

LUDOTEKEN AZKEN EGUNAK!

Ekainaren 2an ospatuko dugu urteko ohiko batzar nagusia
Bigarren deialdian, arratsaldeko 18:30ean hasita Irizar jauregian izango da Jardunen urteko ohiko batzar nagusia.
Besteak beste, Jardunen jarduna eta aurerra begirako asmoak ezagutzeko aukera izango da eta baita elkartea osatzen dugun guztiok elkartu eta iritzi, ideia, ekarpenak… konpartitzekoa.
Elkarteak ateak irekita ditu eta denok gonbidatuta zaudete bileran parte hartzera.

Udaleku irekietan izena eman duten ume guztiak onartuak izan dira
Bergarako Udalak antolatu eta Jardun euskara elkarteak kudeatzen dituen udaleku irekien izen emateak aurreikuspen guztiak gainditu arren, izena eman duten ume guztiak izan dira onartuak.
Guztira 483 ume apuntatu dira; 454 Bergaran, 18 Angiozarren eta 11 Osintxun.
Antolatzaileok pozik gaude “urtetik urtera herritarrek udalekuetan jartzen duten konfiantzagatik. Gaur egun, kalitatezko haurrentzako aisialdi hezitzaile euskalduna eskaintzeaz gain, gurasoentzat lana eta bizitza pertsonala uztartzeko ezinbesteko tresna bihurtu dira udalekuak”.
Aurtengo udaleku irekiak uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo dira Bergarako herrigunean, Angiozarren eta Osintxun eta gune bakoitzeko aurkezpen saioak ondorengo egunetan izango dira;
- Ekainaren 8an, asteazkena, 18:00etan Zabalotegi aretoan.
- Ekainaren 9an, osteguna, 18:00etan Angiozarko Arbiaska aretoan.
- Ekainaren 15ean, asteazkena, 18:00etan Osintxuko eskolan.