Monthly Archives: otsaila 2018

Euskara lapikoan (1)

Euskara lapikoan

Auzokok eta Bizikasik elkarlanean  “Euskara lapikoan” ikastaroa antolatu dute, Udalaren laguntzarekin. Oinarrizko euskara eta sukaldaritza jorratuko dira ikastaro honetan.

Martxoaren 7an hasi eta 23a arte iraungo du ikastaro honek eta asteazken eta ostiraletan elkartuko dira 11:00etatik 13:00ak arte elkarte gastronomiko batean.

Interesa izanez gero, eman izena Jardunen edota Bizikasin.  Plaza mugatuak dira.

Animatu!

Euskara lapikoan (1)

1.jpg

Amodiozko gutun eta esaldien sari banaketa

Atzo burutu zen Amodiozko gutun eta esaldien sari banaketa eta benetan polita eta hunkigarria izan zela. Hona hemen, atzoko argazkiak ikusteko eta saritutako gutun eta esaldiak irakurtzeko aukera.

1.jpg 2.jpg 3.jpg

 

 

1.Saria: Itziar Ugarte 
Negua ari dun erruz. Eguzkiaren hezur indargeek ainubetan utzi diten herria azken egunotan. Irristakor zeudenan bazterrak, eta kexu zabilenan mundu guztia. Ni eskertuta nagon; ez zaukanat hainbeste tentazio kale artean galtzeko, eta, azken boladan, inon baino erosoago nagon etxeko hormen abaroan, egia dena esan behar bada. Musika jarri, ordenagailua altzoan hartu eta oinarri ahuleko lanpararen fokupean egoten naun bakean. Kaletik begiratzen badute ez naun paisaia ilunean argi partxe bat baino izango. Hori dun sasoi honetako argazki eder bat.

Urtearen lehen eguna dun, amama. Jaikitzean usain birjina hartu zionat egunari, usain birjinarik bada. Hire etxean elkartu gaitun urteroko ohituraz, eta hi falta haiz, estreinakoz aurten. Ez zunan inoiz hire egunik gustukoena izaten gaurkoa; jendez betetzen geninan etxea. Bonboiak eta turroiak inork paretik kendu arte jaten hituen, hori bai. Gerra denboran jan ezin izandako gozo denak kolpetik berdintzen hituela komentatzen geninan. Hik ez huen sekula aipatzen gerra, ez gerraondoa.

 

Orain behean zeudenan denak, bazkalondoan. Inoiz ukuilu izan zunan, eta lurra azulejoz estalita gaur sukalde handia deitzen diogun gela hotzean. Dei bat egiteko aitzakian desenkusatu naun, eta ganbarara etorri. Ezinegon bat igarri dinat nonbait ernetzen, eta nolabait libratzeko atera dinat koadernoa. Hotz gorria egiten din hemen goian. Lurruna ateratzen dinat arnastean. Ez ninake egin behar hainbeste egurren artean, baina leiho gandutura hurbildu naun,  eta zigarro bat piztu dinat, zirrikitu bat irekita.  Begiak ixten badizkinat ikus hazaket, nigandik lau pauso eskasera, lur zahar honen gainean intxaurrak zabaltzen; leihotik burua ateraz gero, plastikozko palankana urdinetik okela hondarrak katuei sakabanatzen; eta begiak estu-estu ixten badizkinat, etxe aurreko loreak niretzako egunkari orrietan batzen.

 

Lasai nagon higan pentsatzen dudanean, baina etxe hau ez dun lehengoa. Jakinekoa zunan iritsiko zela eguna: biguntzen hasia dun egur eta harrizkoa zena.

 

Atseden hartzen egongo haizela sinetsi gura dinat. Hainbeste lan egin duenik gutxi geratuko ditun herrian. Hi eta hi lako andreak. Hire eskuak ikusi besterik ez zegonan. Lan gehiago egiten utzi ez zinatenean, eta zaintzaileak azazkalak pintura gardenez margotzen zizkinanean gezurrezkoak iruditzen zitzaizkinan hiri ere. Martak margotu zizkidan esaten hidan, hatz zimurrak nire belaun-muinoetan. Beatrizek margotzen zizkinan.

 

Kostako zaidan hi bezain gogorra izatera iristea: txepelkerietarako ez heukanan bizitza. Miresgarria hintzen alde horretatik. Orain hemen arratoiren bat agertuko balitz bezala; hik erratz kolpe batez edo zapatilla bera jaurtita uxatuko huke, inolako espanturik gabe. Eta ni  teilatuko habetik nola zintzilikatu galduko ninduken izerditan. Ez zakinat nola esan ondo; gazteak gero eta argiagoak bai, baina gero negartiagoak gintunan hire begietan. Hori zunan gu maitatzeko hire era: eztikeriarik gabe, inoiz ezeren gehiegikeriarik gabe,  eta, barrenean, beti gure bizitzen alde.

 

Sentitu egin hindudan itzaltzen. Zenbat eta itzaliago, orduan eta gogo handiagoa ninan hire gertuan egoteko. Baina ezin ninan. Batek jarraitu egin behar din bere beharretan.

 

Sagar pusketa bat hozkatu eta tortilla puntatxo bat baino ez huen onartu hirekin egon nintzen azken aldian. Hire butakan jarrita hintzen. Gaur beroki eta poltsa guztiak gainera bota ditugun horretan. Ez huen apenas hitzik egin. Begirada bizirik heukan, zorrotza, hirea. Eta eskuak ez hizkidan askatu kasik alde egin ninan unera arte. Kalera atera eta etxea gibelean uzten joan ahala, orban minkor bat joan zitzaidanan zabaltzen gorputzean, tinta tanta bat oihalean hedatzen den eran. Zer ez niken gaur emango ordu haiek itzuli eta eskuok posible bezain goxo hartzeagatik.

 

Egun hartatik ez zunan astea bete autoan hire heriotzaren deia jaso ninanetik. Lanetik herrira bueltan nindoanan, arratsaldea gaua den neguan. Hurrengo gasolindegian geratu eta zigarro bat erre ninan petrilan jarrita. Eskuetako zainak more-more nitinan hotzez, eta zorabiatu egin nindinan keak odolean zabaltzean. Ostirala zunan, eta asteburu horretan dolu egin ninan; hire argazkiz bete ninan sofa ingurua, hire kontuak eskatu nizkinan eta entzungabeko memoriak gorde nitinan: alaba galtzak janzten hastean etxean iskanbila baina auzokoen aurrean nola defendatu huen, ortuko oinetako lurtuekin eta amantala erantzi gabe fabrikan behin nola agertu hintzen, aitonarentzat emakume pobreegia hintzela nola jasan behar izan huen luze, eta hiri galdetzeko aspaldi berandutu zitzaizkidanan hainbeste kontu. Metastasi bat nola ugaldu zitzaidanan orbana. Lur eman geninan aitonaren gorpu ondora. Gutxi eta gaizki jan ninan asteburu osoan.

 

Hire etxe aurrealdean badun belaze eder bat errekaraino iristen dena. Titi-umea nintzenetik hasi dinagu urtea soroaren aurrean, eta ez zaukanat gogoan inoiz elurtuta ikusi izanik. Ez dinat jakin zer sentitu gaur dena horren zuri nola berdindu den begitantzean. Belaze elurtu bat dun urteko lehen eguna. Zuritasun egin berri bat, noiz lokazten hasiko.

 

Hire argazki bat ekarri dinat astean etxera. Kalean behera, hire gurpildun aulkia bezain astun sentitu dinat besoetan karraio neramala. Egongelako horman zintzilikatu dinagu, koadro ugarien artean. Irribarretsu ez, elegante eta hunkigarri hago. Eta hobeto gauden hortik begira hagoenetik. Ohitu egiten dun bat bere hildakoekin bizitzen, esango niken. Gero, momentuak eta momentuak zeudenan.

 

Ganbarako itzalpea hakako beltza egin dun zerua kanpoan, eta banoan behera. Milan Kunderak zionan hildakoen gelan ahaztutako lanpara dela ilargiaren argia, eta niri krak egin zidanan bihotzak. Ordutik nire hildakoen gelan beti piztuta izango den argi bat ikusten dinat han, eta iristen zaidan berotasun pixka bat.

 

Besarkatuko haut beti.

2.Saria: Goiatz Labandibar

GABRIELI GUTUNA

 

Bilbo, 1967ko ekainaren 21ean

 

Gabriel maitea:

 

Ez ezazu gehiago idatzi. Zure hobebeharrez esaten dizut. Merezi al du horrenbeste ordu, horrenbeste buruhauste, gero inork argitaratu nahi ez izateko, gero denek zure burua eskatzeko ez zarelako nahikoa abertzale, nahikoa euskaldun, nahikoa elizkoi?

Maitea. Ez dizut zuregatik bakarrik eskatzen idazten uzteko. Baita nigatik eta alabengatik ere.  Ez da erraza idazlearen emaztea izatea. Ezkondu ginenean banekien zertarako ezkondu nintzen. Azken finean, txikitatik argi dugu gure patua emakumeok: etxea aurrera eraman, senarra zaindu, haurrak hazi… Norbera azkenerako utzi, beste guztia(k) garrantzitsuago delako.

Baina batzuetan nekatuta sentitzen naiz. Zeren zure emaztea izatea ez da Unamunoren emaztea izatea bezalakoa gure Bilbo honetan. Harategira noanean inork ez nau ezagutzen, josteko telak erostera noanean nire atzetik zain daudenek ez diote elkarri xuxurlatzen “hara, hara, begira hor, Gabriel Arestiren andrea”. Ez naiz esaten ari denek nor naizen ezagutzea nahiko nukeenik, azken finean ni ez naiz etorkin langile batzuen alaba baino. Baina batzuetan, amets egiten dut eta pentsatzen dut noizbait, behin bada ere, gustatuko litzaidakeela zure besotik igotzea Arriagako eskilarak, señora elegante bat banintz bezala, koktelen batera gonbidatu gaituztelako. Eskritorea eta bere emaztea, irakurtzea biharamunean egunkarian publikatuko litzatekeen argazki oinean (dudarik gabe, moztu, markoan sartu eta egongelan jarriko nuke argazki hori).

Bai, badakit, badakit… ez dela inoiz halakorik gertatuko. Zu, norbaitekin biltzen zarenean, Euskaltzaindiko bilera erdi-klandestino horietan izaten baita. Eta ez Arriagara doazen burgesekin. Eta auskalo zertaz hitz egiten duzuen bilera horietan, emakumeok ez dugu tokirik (ez da izango erdiak apaizak direlako?).

Ez da erraza, Gabriel kutuna, idazle baten emazte naizela dakiten gutxi horiek galdetzea ea zeri buruz idazten duzun, eta nik ez dudala zuk idatzitakorik irakurtzen ahal erantzun beharra… Ez duzulako nire hizkuntzan idazten… Inoiz pentsatu izan dut nik irakurtzerik nahi ez dituzunak idazten dituzula hizkuntza sekretu horretan, niri buruz edo, auskalo, etxeko trapu zaharrei buruz…

Ez dizut inoiz kontatu, baina tarteka, zure idaz-makinak berarengana erakurtzen nau, hari ikusezin batzuk balitu bezala, eta hantxe, gauero eta tarterik txikiena duzunean ere esertzen zaren aulkian eseri, eta idazten hasteko tentazioa izaten dut. Uste dut izango nukeela zer kontatu: konta nezake nola den Bilboko etxekoandre batek gainean daraman zama, haren senarrak hizkuntzari, literaturari, sormenari, justizia sozialari gur egitea erabakitzen duenean; eta nolakoa den ama baten lana alabei esan behar dienean aita bakean uzteko, irakurtzen ari dela, idazten ari dela eta kontzentrazioa behar duela. Eta alabek galdetzen diotenean, “zergatik idazten du aitak?”, edo “zertarako idazten du aitak?” erantzunak asmatzen ditudala, nik ere askotan ez baitakit zergatik eta zertarako idazten duen alaba horien aitak…

Baina badakizu nola konponduko litzatekeen hau guztia? Maitasun gutun bat idatziko bazenit… are, euskaraz balitz ere. Egun horretan, ez dakizu zein harro aterako nintzatekeen Bilboko kaleetara eta lau haizetara kontatuko nuke maitasun gutunak idazten dituen idazle baten emazte naizela…

 

Maite-maite-maite zaituen,

 

Meli

2.Saria: Nerea Eizagirre

SISTOLE. DIASTOLE

Matte,

 

Goizero legez, iratzargailua kokoriko esnatu da, anfetaminak jan izan balitu moduan. Bi jira-buelta gehiago egin ditut ohean txorizo muturren antzera, hutsik dagoen alboko burkoa besarkatuta. Malkarrak betazaletatik zintzilik Italianaren erritualari ekin diot jarraian: lehendabizi ura eta gero kafea.  Gurinez  igurtzi  ditut ogi txigortuaren  maldak. Koilaratxo bat  eta katilu bat  paratu ditut mahaian. Ia-ia ez naiz jabetu ere egin katilu bakarra eta koilaratxo bakarra jantzita, mahaia erdi- biluzik dagoena. Ia-ia ez zait gogora etorri huskeriatxo hori. Bat-batean txindurri beltz potoloa kafera jauzi zaidan arte. Nondik atera ote da malapartatua? Begira-begira daukat katilu barrutik.

 

Kotxea  martxan  jarri,  eta  nahi gabe gidatu dut  Instituturaino. Atzerako ispiluan begiratu naiz, soberako malkarrak kendu ditut. Klaserik klaserako dantza amaigabea izan da gaurkoa beste behin. Hain maite dudan lankideari betiko irribarre zuria eskaini diot txantxa merkeekin hasi zaidanean. Kafe orduan eguneko bigarrena edan dut. Bai, badakit, muturra okertuko duzu irakurtzean. Trankil egon, noizbait errebelatuko natzaio lankide malapartatuari, hark gutxien espero duenean epelak eta bi esango dizkiot. Noizbait. Edota mila bider elkarrekin irudikatu dugun gisan, kafea isuriko diot burutik behera! Iritsiko da eguna.

 

Irakurtzen ari zaren horretan, irribarre bihurria jantzi duzu, orain, bai oraintxe. Ikusi egiten zaitut serio plantarekin, gutuna esku artean ezpainak limurtzen. Horrexegatik kontatu dizut lankidearen kontu aspergarri hori, zuri ezpainak irrista ziezazkizukeen. Begiak zarratuta, jaio egiten zait zure irribarre bihurria, nire esku-haurrarekin usaindu dezaket. Jostari zauden bakoitzean jartzen didazun pikaro aurpegi hori. Bai, oraintxe soinean jantzi duzun okertutako bekainen traza horixe bera. Galbidea zait, ondotxo dakizu. Egurrezko barra haren bestaldetik keinu horrekin bota zenidan amua duela mordoxka bat urte. Gaur arte.

 

Zer gehiago kontatu, sobera ez dakizunik. Gaurkoa ere biziraun dudala. Lehengoan Oxfordetik iritsi berria   zirudien   psikologo   betaurrekodun   bati   irakurri   nion   errutina   gizakion   bizirauterako nahitaezkoa dela. Gure buruak erabakirik hartu beharrik gabe egiten omen ditu eguneroko betebehar nekezak. Uneoro etengabe izango litzaigukeen duda-muda aurrezten digula, alajaina. Gaur  goizean, hain  nengoen  robot  bihurtua  ezen,  apenas  sumatu  dudan txindurri  beltzik.  Eta bazkalorduan, oharkabean pasatu zait otsoa albotik, begira-begira hura ere.

 

Afalordua da orain, ordea, eta alde batetik erre zaidan patata tortilla erdibana jaten ari naiz, parean jesarri zaidan gorila beltzarekin. Begira-begira daukat, eta ni berriz, baldar, non sartu ez dakidala. Automatikoa itzaltzen dugunean hasten baikara ostera, sentitzen eta pentsatzen. Amesten eta mintzen.   Animaliaren   presentziarekin   mahaiak   ez   du   horren   handia   ematen,   bederen. Hatzaparrekin dangala-dangala irensten du, batere murtxikatu gabe. Tripa handitzen ari zaiona dakusat.

 

Orain buru tzarra ari zaio handitzen gorilari, ene. Zeharo deformatzen ari da gizajoa. Mugimendu biziaz  platera  kendu  eta  sukalderantz  abiatu  naiz,  edalontzi,  sardexka  anabasa  beso  artean kulunkan. Likido berdea isuri eta espartzuarekin platerak jo ditut. Larrua lazten dit harrikoa egiteak, eskuetakoa. Kremak leuntzen gero. Aizu, noiz oratu zenidan eskutik azkenengoz?

 

Bukatu dut harrikoa egitea. Elkarrekin hasi genuen telesailaren hurrengo kapitulua ikusiko dudala uste dut. Telebista handia dut desio, baina beldur naiz zer topatuko ote dudan sofan. Eta lehertu egin   bazaio   burua   gorilari?  Korridorearen   bestaldetik   itzal   potolo-potolo  bat   sumatu   dut, egongelatik datorren pizti-masa-dena-eta-ezer-ez dirudien mamu beltz likatsua. Ene eztarria zarratzen hasi zait, bihotza maratoia korritzen. Sistole. Diastole. Zoologikoak bere hatzaparretan irentsiko nau. Arineketan igaro dut korridorea eta zartakoan zarratu atea. Arnasa hartu dut, eta bota. Eskerrak ene logelan salbu nagoen. Udaratik bukatzeke dudan eleberria zabaldu dut esku artean, horrela matrimonioko oheak ez dirudi horren handia, behinik behin. Napoleseko kaleetan barna galdu naiz, bi neskatilen istorio zalapartatsuek bete didate iluntzea. Galdu egin da denbora.

 

Zeinen ederra den tarteka bakarrik egotea. Kapitulu bat, bi eta hiru jan ditut, bata bestearen segidan. Arrapaladan. Biharko iratzargailuak belarritik egin dit tira, argiak amatatzeko ordua iritsi da. Klauxk liburuak zarratzean, eta hara, tximino ttipia topatu dut gelaren hondoan. Begien ertzetik begiratu nau, zelatan aritu zait. Hor egon al da denbora guzti honetan?

 

Horrelaxe  jauzi  da egutegiko beste egun bat gure etxean,  zu bako gure habi  koxkor honetan. Sistole. Diastole. Uzkurtu eta askatu. Morboa emango badizu, ene Romeo, belarrira xuxurlatuko dizut zu barik hil egingo nintzatekeela eta beste printzesa hura bezala ohean zerraldo geldituko naizela, zure muxuaren zain. Zin degizut zu atzerritik itzuli artean ohean botata gustura itxarongo zintuzkedala, baina our modern lives, matte, erlojuak debekatu egiten dit ohean luzaro egotea. Eta jakin badakizu, printzesaren soinekoak txiki gelditzen zaizkit. Soneto bat idazten saiatu naiz lehena, baina  gudara  joan  izan  bazina,  edo  gatibu  baldin  bazintuzkete,  bada  sikiera  izango  nukeen aitzakiarik. Baina inoiz ez zara izan ausartegia. Zu imajinatu zaitut, Zaragozan enpresak ordaintzen dizun hotel ziztrinean nik eskuz idatzitako errima prefabrikatuak irakurtzen. Solemneegia litzateke, kar kar.

 

Izan ere, mon amour, gure artekoa ez da batere serioa. Gogoratzen al duzu urte eta piko ia egunero elkarrekin lokartzen aritu ostean norbaitek   “Harreman” hitza aipatzean, ezagutzen ari ginela erantzuten  nuenekoa?  Eta  zuk  brastakoan:  ez  dakit  zer  gehiago  ezagutu behar  duzun,  nahiko sinplea natzaizu. Harrezkeroztik zenbat egutegiko orrialde iraungi ote ditugun elkarrekin, oharkabean. Geroztik zure xalotasunaren babesean mundu zabala zaidan habi goxo hau ezagutu dut. Eta nahiz eta orduak motz gelditu, egunero ikasten dugu elkarrekin. Bueno, erre gabeko patata tortillak prestatzen ikastea, hori ez dugu lortu oraindik.

 

Habia erdi-hutsik eta ni hemen, zoologikoaren kontra borrokan. Batzuetan, sistole. Bakardadeak eskaintzen dizkigun plazeren itsasoan igerian, besteetan. Diastole. Funambulismoa praktikatzen izango nauzu, finean, zu itzuli artean. Zure hutsuneak bete-bete egiten duela gure habia, demontre.

 

Lotarako ordua da, matte, gabon. Ene botoiak ukitzera noa, irudi lausoetan zu harrapatu asmoz. Eta gero, amets egingo dut, Amazonia piraguan zeharkatu edo beharbada Ilargira joango naiz hegan. Batek daki zer oparituko didan gaur ene ganbara koloretsu honek.

 

Gure habi erdi-hutsetik, jaso besarkadarik piztiena.

Bergarar onena: Karmele Uribesalgo

 Atzean uzten dudan orori,

Itsasoaren beste aldetik idazten dizut. Leku segurua dela suposatzen den honetatik. Bai, iritsi naiz, baina ez dut uste eskutitz honek nik igaro ditudan ur zakar eta olatu indartsuei aurre egingo dienik.

Ihes egin beharraren samina sentitzen dut erraietan, ez baitago maite duzuna atzean utzi beharrak sorrarazten duen mina baino handiagorik. Eta okerrena bueltako billeterik ez dagoela jakitea da, norbere biziak beste balio duen txalupa oso garestia baita.

Paradisura gentozela zirudien. Hori zen espero genuena behintzat, baina errealitatea gordina izaten da sarri. Hemen ez gaituzte bonbek hilko, baina bizirautea ez da erraza izango. Bakardadea da dudan lagun bakarra eta zin degizut ez dela uste bezain lagun ona.

Eta helmuga ez bada espero bezain goxoa izan, bidea inoiz bizitako gauzarik okerrena izan da, inork merezi ez duen gauza horietako bat. Itsasoa leku arriskutsua da, argi dago, baina are gogorragoa da zure txalupak norabide zuzenik ez duenean, hondartzaren batera iristeko ziurtasunik ere ez daukazunean.

Miretsi egin izan dut beti itsasoa. Istorio eta misterio ugari ditu ur gazi horrek, inoiz kostaldera iritsiko ez direnak, mila askotara geldituko direnak eta betirako iraungo dutenak.

Gure naufragioa horietako bat izango da. Gurea eta egunero egunero etorkizun hobe baten aurkitzeko esperantzan egoera latzenei aurre egin behar izan dietenena. Miresmenaren zati bat beldurrak eta gorrotoak jan dute, baina badakit errua ez dela itsasoarena; badakit bitartekari bat besterik ez dela izan, baina bizitakoak eta ikusitakoak nekez ahaztuko ditut.

Noizbait hitz hauek irakurtzen badituzu zure beharra sentitu izan dudalako da. Nork ez du behar laztan, muxu edo besarkada bat? Horrelako gutxi jasotzen ditut nik hemen, guda zelaian gelditu baitira jasotzen nituenak.

 

Arriskutik ihes egin nahian dabilen eta babesik aurkitzen ez duen bat

Gazte saria: Zuriñe Etxeberria

Iruña, 2018ko Urtarrilaren 1a.
Laztana:
Badakit gaur ez diezula zentzu gehiegirik aurkituko hitz hauei baina gorde itzazu ongi, arren.
Altxor hauskor bat balira bezala, sar itzazu zure eguneroko, oroitzapen eta sekretu guztiekin
batera, denboraren indarrak ezaba ez ditzan, haizeak dantzan eraman ez ditzan.
Badakit soilik zurea den munduan, burbuilan, ez dela oraindik min jasangaitzik sartu, ez dela
oraindik, maitasun mingarririk murgildu… eta nik, ttiki, ezinezkoa egingo nuke betirako hala
bizi zintezen. Soilik zurea den mundu koloretsuan, apurtezina den burbuil magikoan baina…
handituko zara, heldutuko zara. Denborak aurrera egingo du eta zure begiradak inozentzia
galduko du, zure harezko gazteluak itsasoko olatuek apurtuko dituzte eta zuk, bihotza,
bizitza zer den ezagutu beharko duzu orduan.
Egun horretarako idatzi dizut, hain zuzen ere, gutun hau. Bizitzaren alde grisa ezagutuko
duzun egunerako, malkoek begirada lainotuko dizuten egunerako eta zugan babestu eta
munduaz ihes egin nahiko duzun egun horretarako:
Ezin ederragoa zara, maitia. Ezin ederragoa zara egiten duzun guztian zure argia islatzen
duzulako, zure irribarreak indar handia duelako, bizitzen duzun guztia sentimendu osoz
bizitzen duzulako eta batez ere, zu zeu zarelako.
Polita zara ohetik altxatu eta musu ematen diguzunean, baina are politagoa zara ados ez
zaudela eta eskatzen dizugun hori egingo ez duzula esaten diguzunean. Polita zara oihuka
abesten duzunean, eroki dantzatzen duzunean, guztiz kontzentraturik eskola-liburu artean
itotzen zarenean, hasperen egin eta ilea mototsean lotzen duzunean.
Zin dagizut, maitia. Eztakizu zein polita zaren gainetik lotsak eta beldurrak kendu eta barre
egiten duzunean, zure ahotsa baino, zure hitz tinkoak entzunarazten dituzunean.
Iragarkiek, gizarteak, lagunek berek, mutilek, begirada mingarriek… aurkakoa esan ahalko
badizute ere, entzun nazazu, maitia. Irakur itzazu behin eta berriz hitz hauek: ederra zara.
Ederra zara, zenbaki bat baino gehiago zarelako, arauak apurtu eta zure bidea jarraitu
duzulako, kateak askatu eta libre zarelako. Bai, hori da. Ederra zara aske bizi zarelako.
Modu zoragarrian aske.
Aske modu zorogarrian.
Zoragarriki zoro.
Zoroki zoragarri.
Jarraitu ezazu, beraz, inor begira ez balego bezala, zure abesti gustokoena dantzatzen,
txokolatez estalitako madalenarekin ezpainak margotzen, hondartzara joan eta bainujantzia
ipintzen, zure gona kuttuna janzten, eranzten…
Bai. Egizu sentitzen duzuna, sentitzen duzunean. Biharamunean pentsatu gabe, besteen
iritziei kasu gehiegirik egin gabe.
Maitemindu zaitez. Maitemindu zaitez zure bizitzako egun guztietan. Maitemindu zaitez atzo,
gaur, bihar, beti eta betiko. Maitemindu zaitez benetan, akatsak onartuz, gabeziak
besarkatuz. Besteek gustoko ez duten hori ere maitatuz.
Maitemindu zaitez zure buruaz, maitia. Atzo, gaur, bihar eta beti-betiko. Zure burua izango
delako bizitzan zehar edukiko duzun lagunik fidelena. Ez zaitez zure etsairik gaiztoena
bihurtu eta ezagutu, onartu eta maitatu ezazu zure burua.
Besarkatu zure beldurrak eta musu eman irekitzen joango diren zauriei. Ez zaitez gehiegi
zigortu lortuko ez duzun horrengatik eta zoriondu zaitez lortutakoagatik.
Maitemindu zaitez sutsuki,
ahalik eta gehien maitatuz,
ahalik eta gutxien minduz.
Eta soilik orduan, eta nahi baduzu, maitatu zazu beste norbait. Maitemindu zaitez beste
norbaitetaz eta bizi, larrua jo, bidaiatu, biluztu arima, besarkatu, zaindu, babestu, laztandu…
Maitemindu zaitez orduan, zuk nahi duzunaz eta zuk nahi duzun moduan. Ez zaitzaila inork
sekula nor eta nola maitatu behar duzun esan. Eta esaten badizu, arren, ez entzun.
Eta korrontearen aurka igerian bizitzeko indarra falta zaizula sentituko duzunean, irakurri
berriz hitz hauek. Behin eta berriz, atsedenik gabe.
Ederra zarelako, maitia. Zure indarrak eder egiten zaituelako, hainbeste lore berdinen artean
zu ezberdina zarelako, sinisten duzun horrengatik borrokatzen duzulako, jaten duzun hori
gozatzen duzulako eta batez ere, ederra zara maite zarelako.
Atzo, gaur, bihar eta beti,beti, betiko,
Amatxo.

Esaldi onena: Gonzalo Nunes

Ekaitz artean, zure begiradarekin amesten dut. Begiak ixten ditudanean, isiltasunaren erdian, zu.

Kartela

XXIV. Txorimalo erakusketa

Aurten ere bueltan da urtero bezala Erramu zapatuko txorimalo erakusketa. Martxoaren 24an ospatuko da eta bertan parte hartzera animatu nahi zaitutztegu.

Hona hemen oinarriak:

  • Nahi duen edonork parte hartu dezake, bakarka nahiz taldeka (gehienez 8 partaide talde bakoitzeko).
  • Izena ematerakoan egilearen izena edo taldean egina bada taldearen izena adieraziko da.
  • Edozein material erabili daiteke baina txorimalo bakoitzak oinarri edo ardatz bat eraman beharko du, lurrean tinko eta zutik egon dadin.
  • Txorimaloak euskararen aldeko lema (esaldi, kopla, bertso…) bat eraman beharko du. Lema, A4 tamainako kartulina zurian joan beharko da. Txorimaloak eramango duen lema, martxoaren 21a baino lehen aurkeztu beharko da.
  • ERAKUSKETA 2 taldetan banatuko da:

(a)12 urtetik beherakoak (LH-koak)

(b)12 urtetik gorakoak

  • Erakusketa 2018ko martxoaren 24an Erramu zapatuko ferian, egingo da. Aurkeztutako txorimaloak Ibargarai kalean egongo dira ikusgai, 11:30etatik 13:00era.
  • Izen ematea: Jarduneko bulegoan, 943763661- 605712469 telefonoetara deituta edo gaztejardun@topagunea.com Eman beharreko datuak: Taldearen izena, taldeko ordezkari baten izen abizenak, telefonoa eta lema.
  • Erakusketan parte hartzen duten talde guztiek sariak jasoko dituzte:
    • 12 urtetik beherako taldeetako parte hartzaile guztiendako merendola egingo da maiatzaren 4an arratsaldeko 17:00etan azokan. Bertan,sari ezberdinak zozketatuko dira.
    • 12 urtetik gorakoen taldeen artean sari ezberdinak zozketatuko dira (afariak, herriko komertzioetan gastatzeko bonoak…).
  • Esaldi onenaren sari berezia: 30 euro. Jardun Euskara Elkarteko lantaldeak bozketa bitartez erabakiko du zein izango den esaldi onenaren
  • Izen emateko azken eguna martxoaren 21a izango da. Oinarriak onartzea beharrezkoa da erakusketan parte hartzeko. Zalantzaren bat izanez gero, deitu Jardunera.
  • Txorimalo erakusketan parte hartu duten taldeek aukera izango dute sari banaketaren ondoren txorimaloak azokara eraman eta bertan erakusgai jartzeko. Erakusketa martxoaren 24an hasi eta apirilaren 8an bukatuko da. Txorimaloa jasotzea nahi izanez gero, apirilaren 8an bertara joan eta beraien txorimaloa jaso beharko dute. Jasota ez dauden txorimaloak, apirilaren 9an Udalak bertatik erretiratu eta garbigunera eramango ditu.Kartela

 

kartelorokorra

Angiozarko ludotekarako hezitzaile behar da

Angiozarko ludotekan lan egiteko hezitzaile bat behar da. Begirale titulua eta autoa izatea ezinbestekoa izango da.

Interesa izanez gero, bidali curriculuma gaztejardun@topagunea.com helbidera edo deitu 943763661 telefonora, otsailaren 13a baino lehen.

 

 

bideoaaa

Oxirondoko ludotekariek aurkezpen bideoa egin dute

 

IMG_5486

Irteera Xake Taldea ezagutzera Oxirondoko ludotekatik

Kaixo kaixo:

Joan den astean, Bergarako xake taldera egin genuen irteera. Bi taldeetan joan giñen, eta lokala ikusi ostean, bertakoekin xakean aritu giñen jolasten. Partida interesgarriak jolastu genituen, eta umeek gauza asko ikasi zituzten.

Eskerrik asko Bergarako Xake taldeari !!

IMG_5481 IMG_5483 IMG_5486 IMG_5488

IMG_5406

Oxirondoko ludotekan ekintza gehiago, bertso oka,minigiñola …

Kaixo kaixo:

Aurreko astean zehar ere beste ekintza batzuk egin genituen; antzerkiak egiteko minigiñolak aritu giñen egiten. Hasieran, behera jaitsi giñen zirkoko materialarekin jolastera. Bestetik, bertso okan ere jolastu genuen, eta oso gustura aritu ziren bertso munduan murgilduta.

IMG_5403 IMG_5406 IMG_5420 IMG_5423 IMG_5424

IMG_5377

IMG_5372 IMG_5368 IMG_5383

IMG_5499

Sukaldaritza Oxirondoko ludotekan

kaixo kaixo:

Aurreko astean San Blasak eta ogia egin genituen. Oso goxoak atera zitzaizkigun eta arrakasta izugarria izan zuten. Bi eta hiru talde egin genituen, guztiekin batera eziznekoa baitzen. Arratsalde osoan zehar aritu giñen sukaldaritzan.

MVI_5473 IMG_5469 IMG_5489 IMG_5514 IMG_5517 IMG_5499

Otsaileko kartela

Otsaila Txapligun

Hemen daukazue Txapligun izango diren otsaileko ekintzen kartela. Oraingoan ere, egitarau txukuna prestatu dute hezitzaile zein gaztetxoen artean. Benetan ideia politak dituztela!

Animatu asteburu euritsuei aurre egin eta primeran pasatzera!

Otsaileko kartela

OTSAILA

Ludoteketako ekintzak

Hemen dauzkazue Osintxuko, Angiozarko eta Bergarako ludoteketako otsaileko kartelak.

Osintxu otsaila otsaila Angiozar otsaila